Yaakar elkartearen proiektuak babestu eta laguntzen dituzten Aretxabaletako udaleko ordezkariekin eta eragileekin batu da Mbamgo alkatea egunotan. Jasotako laguntza zertara bideratu den azaldu die: "Yakaar elkarteak eta Aretxabaletako herriak amategi bat finantzatu dute, osasun zaintzarako ekipatuta dagoena. Osasuna zaintzeko oso baliagarria den ekografo batekin dago eta Mbam herriko eskola ere ekipatu da. Tresneria horiek aukera ematen dute lan baldintzak hobetzeko. Hasteko eta behin langileen lan baldintzak hobetzeko, baina komunitatearen osasuna hobetzeko ere bai".
Aretxabaletako alkate Garikoitz Iturbek elkartearen lanari balioa eman dio: "Herrian errotutako elkartea da, hainbat proiekturekin lanean dihardute eta inguruko eragileak ere horietara bideratzea lortu dute". Hain zuzen ere, herriko ikastetxeetako ordezkariak ere elkartu dira Aretxabaleta Lanbide Eskolakoak, Kurtzebarri eskolakoak eta Arizmendi ikastolakoak.
Lanbide Heziketa, hurrengo erronka
2019an sortutako Yaakar elkarteak Mbmami laguntzeko baditu asmo gehiago Amalia Ormaetxea presidenteak azaldu duenez: "Lanbide Heziketa martxan jarri gurako genuke. Horretarako laguntza handia beharko dugu, eta horretan dihardugu". Horretarako ordenagailu gela bat jartzeko proiektua dute, eta bien bitartean Gipuzkoako Foru Aldundian eskatu dituzte dirulaguntzak Mbamgo hamasei ikaslek Senegalgo hiriburuan, Dakarren, jarraitu ditzaten ikasketak. Horrez gain, aukeren artean daukate Aretxabaletako hezkuntza zentroetako irakasleak herrialde afrikarrera joatea informazioa eskaintzera. Izan ere Mbamen giza baliabideak badituzte, baina ez horiek garatzeko baliabide ekonomikoak: "Oso gazteak dira, eta lanerako gogo handiarekin", dio Ormaetxeak.
Mbamgo alkateak era berean, bi herrien arteko elkartrukean sakontzeko nahia agertu du: "Hori da hain zuzen ere kooperazioaren interes guztia. Mbamek erakutsi ahalko luke Aretxabaletan zer nolako baliabideak dituen eta alderantziz". Aretxabaletakoak begi onez ikusi du: "Ikasketa prozesu bat izan daiteke guretako ere. Eta asko jaso genezake bueltan".
Yaakar elkartekoek euren proiektuari bultzada handi moduan ikusi dute Ngor Dione alkatearen bisita.
Ikastetxeetako eta ospitaleko kideekin
Ngor Dione alkatea hainbat ikastetxetako eta Debagoieneko ospitaleko ordezkariekin ere elkartu da eskerrak emateko, eta proiektuaren gaineko azken berriak helarazteko.