Puntua aldizkariaren 417. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Gasteizen Historia ikasten ari zela hartu zuen parte Lourdes Herrastik (Aretxabaleta, 1958) lehen aldiz indusketa batean. Ordutik, eta nahiz eta haren gaztetako asmoak beste batzuk izan, beste ehunka etorri dira, Euskal Herrian eta kanpoan.
Gaztetan Kazetaritza ikastea zenuen buruan; zerk eraman zuen balantza historia eta antropologiara?
Kazetaria baino gehiago, erreportari izan nahi nuen. Baina historia ere asko gustatzen zitzaidan, eta Gasteizen hori ikasteko aukera gehiago zegoenez, horrela suertatu zen. Antropologiarena gerora etorri zen; arkeologian aritzeak eraman ninduen horretara.
Arkeologoa barik, osteoarkeologoa zara; ze ezberdintasun dago bien artean?
Nik nahiago du osteoarkeologo hitza erabiltzea, ni giza hezurrak agertzen diren aztarnategien arkeologoa naizelako. Eta osteoarkeologiak arkeologia eta antropologia, biak uztartzen ditu. Erresuma Batuan erabiltzen duten hitz bat da hori eta oso aproposa iruditzen zait.
Zenbat informazio atera daiteke indusketa batean aurkitzen den materialetik?
Hezurrak eta objektuak, biak ateratzen ditugu, eta niri asko gustatzen zaizkit bigarrenak, ikaragarrizko informazioa ematen dutelako. Ni orain, batez ere, hobi komunetan nago zentratuta, eta horietan biktima izan zirenen giza hezurrak ateratzen ditugu, baina horiekin batera lurperatutako objektuak ere bai; baita botoi bat bada ere. Hezurrek eta objektuek informazio ezberdina ematen dute, bai, baina osagarriak ere badira. Hezurren bidez generoa, adina eta ezaugarri fisikoak jakin ditzakegu, adibidez, baita hausturaren bat izan zuen edo hezurretan marka uzten duten gaixotasunen bat jasan zuen ere. Objektuetatik jakin dezakegu, esaterako, zer- nolako janzkera zeraman, zelako oinetakoak, erretzea gustatzen zitzaion edo ez, fededuna zen edo ez, ze maila sozialetakoa zen... Hilda topatzen ditugun arren, haiekin lurperatutako objektuek asko esaten digute haien bizitzez.
"HEZURREK ETA OBJEKTUEK INFORMAZIO EZBERDINA EMATEN DUTE, BAINA OSAGARRIAK DIRA"
Indusketa guztiak berdin bizi dituzu?
Bakoitzak bere berezitasuna du, bere nortasuna. Gauza askotan berdinak izan arren, bakoitzak du bere kutsua. Ni Araban hasi nintzen indusketetan, Gasteizko Arkeologia Museoarekin eta Arkeologiatarako Arabar Institutuarekin, eta igandero irteten nintzen autobusean Aretxabaletatik prospekzio lanak egitera; gero, herrira itzultzen nintzen. Karrerako lehen urtearen ostean, udan Jesus Altunak zuzentzen zuen Errailako indusketan parte hartzea eskaini zidaten Aranzaditik, eta ordutik izan dut lotura Aranzadirekin.
Arkeologian emakume asko egon diren arren, mantendu direnak gutxi izan direla esan duzu; zergatik haiek ez eta zu bai?
Saiatu izan naizelako nire lanbidea, Bigarren Hezkuntzako irakaslea izatea, mantendu eta asteburuak edo oporrak indusketak egiteko aprobetxatzen; bi bideak aldi berean eramateko aukera izan dut. Askok eta askok ez dute horretarako aukerarik izan eta utzi egin behar izan dute. Arkeologia zaletasun moduan eraman izan dut, horretaz bizitzerik izan ez dudalako; oso zaila da arkeologiatik bizitzea. Irakasle lana izanda diru faltarik ez nuenez, errazagoa nuen beste batzuei laguntzea; borondatezko lana izan da nirea. Zortea izan dut, kontziente naizelako aprobetxatu ahal izan dudan aukera izan dudala.
Sentipen bera eragiten dizu milaka urte dituen hezur bat edo Espainiako gerrako hobi komun bat aurkitzeak?
Ez dute zerikusirik. Paleolitiko garaiko aztarnategi batean suharrizko pieza topatzen baduzu, eta baldin badakizu gezi punta bat dela, ilusioa egiten du, bai, baina hor ez dago inongo karga emozionalik. Aldiz, hobi komun baten indusketetan lanean ari garenean senitartekoak ditugu inguruan eta badakite ateratzen ari garenak beraien senideak direla, edo beraien senideen objektuak, eta horiek oso inportanteak dira. Pentsa: orrazi bat begira ari den norbaiten aitonaren edo birraitonaren orrazia izan daiteke eta emozioak pil-pilean egoten dira. Gu saiatzen gara ahal den heinean distantzia mantentzen, bestela lana kutsatu egiten da; baina igartzen da inguruan daudela. Hasieran, duela 24 urte, familiak eurak izaten ziren laguntza eskatzen zigutenak, eta gu boluntario joaten ginen laguntzera; elkarren arteko nolabaiteko tratua zen. Gaur egun, ofizialagoa, instituzionalagoa da prozesua. Erakundeek eurek eskatzen digute zuzenean, batzuetan familiek haiei eskatuta, eta, baimen eta tramite askoz ere gehiago behar izaten diren arren, era berean, serioagoa da, nolabait esatearren. Lehen ere bazuen legitimitatea, baina orain nabarmenagoa da hori, era ofizialean egiten delako; oso garrantzitsua da hori ere.
"HOBI KOMUN ASKO ETA ASKO BETIKO ETA ERREMEDIORIK GABE GALDU DIRA"
Hobi komunetan aurkitutakoak aldatu egiten dira lekuaren arabera?
Batzuetan, errepresaliatua izan zen biztanleria zibila da, atzeguardiako erailketak, eta horiek, batez ere, 1936an gertatu ziren, estatu kolpearen osteko hilabeteetan. Eta beste batzuk gerran hildakoak, fronteetan aritu ziren soldaduak dira. Azken horiek asko aurkitu ditugu, eta Euskal Herrian, garbi asko, mota horretakoak dira gehienak. Batez ere, Bizkaian, frontea eta borroka askoz gogorragoak izan zirelako han.
Gerra hartako hobi komunetan aurkitutako hezurren %2 bakarrik ei dira emakumeenak; zergatik hain gutxi?
Tokiaren arabera, %2 eta %3 artean dago. Proportzionalki, akaso, gutxi dira, biktimarioak, erailketak egiten zituztenek ikusten zutelako emakumeen kontra egitea gehiago kostatzen zitzaiela. Hor, aldi berean, emakumeekiko mespretxua ere badago, emakume bat gizon baten adinakoa ez izatearen ideia. Emakumeen kontra egiten zutenean, askotan esaten zuten gizonezkoen ordez egiten zutela: gizonezkoa erail ezin zutenean, haren partez emakumezkoa erailtzen zuten. Batzuetan gertatu izan da, baina beste batzuetan emakumeen kontra egiten zuten propio.
Zer esango zenieke Espainiako gerrako hobi komunak industearen kontra daudenei?
Arrazionala ez den sentimendu batekin zaila da logikaz jokatzea; logikarik ez duenez, galdetu behar zaiena da: "Zer egingo zenuke zuk zeuk aitona hankapean izango bazenu? Edo mendi batean galduta? Gauza bera egingo zenuke, ezta?". Horixe esaten zaie, horixe da guk geuk horrelako eztabaidetan ikusi duguna. Ez dago modu arrazionalik horretaz eztabaidatzeko, kontra daudenak ez daudelako eremu horretan; sentimenduen alde egin behar da. Senitartekoen eskubidea da eta besteek ezin diete hori ukatu.
Horrelako egoera asko bizi izan dituzue?
Bai. Etorri izan zaigu jendea esanaz hezurrak bere tokian uzteko; horrelako oihuak entzun ditugu. Zer erakusten duen horrek? Ez dutela sinesten; ez dakit zeren beldurra duten, desobiratzeak egiteak ez diolako inori kalterik egiten, ez da haien pentsamoldearen kontrakoa. Eta haien pentsamoldearen kontrakoa dela uste badute, gaizki dabiltza. Arrazionaltasunik ez duen jokabide bat da.
"ARKEOLOGIAK GAUZA POLIT BAT IZATEKOTAN, SORPRESAREN PUNTUA DA HORI"
Azaleratuko dira inoiz ere hobi komun guztiak?
Ez; asko eta asko betiko eta erremediorik gabe galdu dira. Pentsatu kanposantuetan dauden horietan: kanposantu asko berrerabili egin dira, beste asko hustu... Bide ertzetan zeuden asko bideak zabaltzean desagertu egin dira. Hobi asko desegin dira; ez asmoa hori zelako, urte asko pasatu direlako baizik.
Mendebaldeko Saharan eta Falklandetan, Malvinetan, ere ibili zara indusketetan.
Falklandetan Nazioarteko Gurutze Gorriaren proiektu humanitario bat dela-eta izan ginen: Darwin kanposantuan hilobiratuta zeuden argentinar soldaduak ateratzea. Gerra bukatutakoan han utzi zituzten, eta kanposantu bakar batean lurperatu. Askok izena zuten, baina beste askok ez, eta haien hilarrietan jartzen zuen: Jainkoak bakarrik ezagutzen duen soldadu argentinarra. Proiektuaren helburua zen gorpuak atera eta identifikatzea; bi hilabete eta erdi eman genituen horretan. Mendebaldeko Saharakoa, aldiz, sahararrek eskatutako lana izan zen: hobi batzuk non zeuden bazekiten, eta horiek ere topatu, gorpuak atera eta identifikatu egin genituen. Bi gorpu, adibidez, 15 urteko bi mutilenak ziren. Epaile batek kasuari heldu eta gorpuak proba moduan erabili zituen zenbait jeneral marokoarri delitua egozteko. Kasu horretan, indusketen emaitzek inplikazio legalak izan zituzten.
Ikuspuntu antropologikotik zer erakusten dute hobi komunek?
Beharra. Aldi berean hildako asko badituzu, errazagoa zaizu denak batera hilobiratzea banan- banan egitea baino. Hori ari da gertatzen egun Ukrainan eta Gazan, eta hori gertatu zen bere garaian Jugoslavian eta Ruandan. Hobi komunak sarraski edo genozidioen adierazgarri dira.
Irulegiko Eskua; Karrantzan topatu berri dituzten 150.000 urteko giza arrastoak; Aranzadik Larunben aurkitu duen I. mendeko aldarea... Gure historiako zenbat atal daude oraindik ere argitzeke?
Espero dezagun asko izatea, bestela ea zer egiten dugun! Arkeologiak gauza polit bat izatekotan, sorpresaren puntua da hori. Lurpean, kobazuloan edo dena delako tokian ezkutuan dagoen eta ezagutzen ez duzun hori aurkitu egin behar duzu, eta horrek ematen dio zirrara arkeologiari. Eta ez da beti gertatzen, baina zerbait topatzen duzunean izugarrizko poza sentitzen duzu. Nik hori sentitzeko lanean jarraituko dut.
Zer esango dute gutaz gure hezurrak eta objektuak aurkituko dituzten etorkizuneko arkeologoek?
Akaso, galdera zapuztuko dizut, baina ez dituzte gure hezurrak topatuko, erre egingo gaituztelako. Gaur egun hildakoen %40 erraustu egiten da eta badirudi joera dela gero eta gehiago izatea. Burdin Aroan, esaterako, ohitura erretzea zen, eta, ondorioz, ez dago orduko hezurdurarik.