Lagunartean sormena eta mugimendua lantzen Bash proiektuarekin

Mirari Altube Arrese 2024ko eka. 20a, 16:55

Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako hezkuntza, kultura eta aisialdi irisgarria eskaini du Batera Aske elkarteak aurtengo ikasturtean, Udalak eskatuta, eta Aretxabaletako eta inguruetako hamarren bat gazte batu dira Bash proiektura.

Sormena eta mugimendua oinarri dituen aisialdi-gune bat izan dute aniztasun funtzionala duten gazteek Aretxabaletan, urritik ekaina arte. Hainbat gurasok egindako eskaerari erantzunez iritsi da Bash proiektua herrira.

Norbera ezagutzeko gunea

Batera Aske elkartearengana jo zuen Udalak, hainbat herritan abian duen Bash proiektuaren bermea aintzat hartuta –besteak beste, Arrasaten, Eibarren eta Zarautzen–. Hamazazpi lagunek eman zuten izena ikasturte hasieran eta zortzi-hamar bat gazte elkartu izan dira, bi hezitzailek lagun eginda. Urria ezkero bi astean behin, zapatu goizetan, Ibarra kiroldegia izan dute topagune, eta ekainaren 15ean oporrak hartu zituzten. Gehienak aretxabaletarrak dira, baina badaude inguruko herrietako hainbat ere. "Oso talde polita osatu dute, giro ona sortu da haien artean, eta hemendik kanpo ere elkartzen dira", azaldu du Ibai Zangituk, Kultura zinegotziak.

"Ondo pasatzeko" gunea eskaintzen diete gazteei. Oihane Montejo da haiekin elkartzen den hezitzaileetako bat: "Jolaserako espazio bat ematen diegu, gazteek ondo pasatzeko gune bat da; mugimenduen bidez, dantza mugimenduak, esaterako, norberaren gorputza ezagutzeko lekua da". Dantzaz gain, inprobisazio jarduerak egiten dituzte, eta barreterapia saioak ere bai. "Egun bereziak ere izan ditugu eta halakoetan gosaltzera joan izan gara, poteoan eta mendira". Ekintza horiez gain, gazteek eurek ere proposa ditzakete beste batzuk: "Eta Bashero liderrak izeneko ekimen bat ere badugu; orduan, lider denak berak proposatzen du zein dinamika eta jolas egin".

Gurasoen laguntzarekin eskertuta dago Montejo, "oso aktiboak" direla iritzita: "Saio batzuetan gurekin izan ditugu".

Datorren ikasturtean jarraipena

Batera Aske elkartea eta Udala pozik daude ikasturteak emandakoarekin: "Oso giro polita sortu da haien artean eta familiak ere pozik daude". Hortaz, oporraldiaren ostean, urrian, dinamika saioak berreskuratzeko asmoa dute guztiek.

Erabiltzaileen iritziak

Irati Lete (Aretxabaleta)

"Hainbat dantza egiten ditugu eta batzuetan kanpora ere joaten gara, buelta bat ematera; gustura etortzen naiz eta lagun asko egin ditut".

June Elkoro (Aretxabaleta)

"Gure arteko gauzak egiten ditugu, eta dantzan; lagunekin egotea dut gustuko nik, kontuak kontatzeko. Lagunik berezienak Maialen eta Manel dira".

Maialen Biteri (Eskoriatza)

"Dantzan egiten dugu. Niri guztia gustatzen zait, baina, bereziki, Goazen. Lagunekin egoten naiz gustura, haiek gonbidatu gura izaten ditut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak