Iparraldean bizitzeko debekuan oinarrituta atxilotu zutela Errasti azaldu zuten senideek. "Hala bizi izan da orain arte eta ez du izan arazorik baina eguenean polizia-kontrol batean atzeman eta atxilotu egin zuten. Frantziar estatuan bizitzeko debekua egotzi diote batetik, eta bestetik, hiru hilabetean behin polizia etxera ez joan izana non bizi den esatera".
Datorren eguaztenean joan beharko du komisaldegira eta frogatu, besteak beste, Aiherran bizi dela iparraldeko bizilagun batekin ezkonduta eta lantokia ere iparraldean duela. Ondoren epaiketa etorriko dela gaineratu zuten senideek, baina oraindik ez dago datarik zehaztuta.
Sare Herritarraren babesa
Sare Herritarrak bat egin zuen babesa agertzeko deialdiarekin eta zera adierazi: "Frantziar estatuan egoteko duen debekua medio, bere espetxe zigorra betea duelarik, Euskal Herrian bizitzeko duen eskubidea ukatu nahi izan diote Errastiri".
Bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren garaia dela esan dute: "Eta ez iraganera iltzatzen gaituzten eta mendeku politikan oinarritzen den zigor sistema gailentzeko garaia". Halako gertakizunek "elkarbizitzarako bidea oztopatzen" dutela gaineratu dute: "Zuhaitz Errastik bere eskubide guztia du Euskal Herriko biztanle izateko, Euskal Herrian bizitzeko, bizi osoko zigor gehigarri bat da bere espetxe zigorra betea duen pertsonak ezin bizi izatea berak nahi duen lekuan".
Eta bakea, konponbidea eta elkarbizitza helmuga duten bidearen alde agertu dira.