Zuhaitz Errasti preso ohi aretxabaletarra atxilotu dute

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko eka. 13a, 19:05

Errasti aske gelditu zen egunean, 2017an (Argazkia: Etxerat).

Zuhaitz Errasti euskal preso ohia atxilotu du Frantziako Poliziak eguen arratsaldean, mugatik gertu, hainbat komunikabidek publikatu dutenez. Elkarretaratzea deitu dute Aretxabaletan egubakoitzerako Konponbide osoa orain! Zuhaitz askatu! leloarekin.

Komunikabideetan publikatu dutenez, mugatik gertu atxilotu du gaur Frantziako Poliziak Zuhaitz Errasti preso ohi aretxabaletarra, gaur egun Aiherran bizi dena, eta elkarretaratzea deitu dute Angeluko (Lapurdi) jendarmeria aurrean, 20:00etarako. Atxiloketaren arrazoia zein izan den ez dute argitu berria eman duten hedabideek. EH Bai alderdiak ere eman du atxiloketaren berri X sarean eta bere askatasuna eskatu du. Argitaratutakoen arabera, egubakoitz eguerdian eramango dute epailearen aurrera.

Aretxabaletan ere deitu dute elkarretaratzea egubakoitzerako. Konponbide osoa orain! Zuhaitz askatu! leloarekin egingo dute, 19:00etan, Pagaldaixenean.

Zuhaitz Errasti aretxabaletarra 2009an atxilotu zuten Frantzian, eta 2012an zortzi urteko kondena ezarri zioten ETAren aparatu logistiko eta militarraren parte izateagatik. 2017ko urriaren 27an utzi zuten aske –hiru egun lehenago Espainiako poliziaren esku geratu zen Frantzian zeukan kondena beteta, Soto del Realera eraman zuten orduan–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak