Urkulu ia %95 beteta dago, azken urteetako maiatzik euritsuenaren ostean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko eka. 4a, 15:54

Udaberri girorik apenas egon dela dago debagoiendar askoren ahotan, eta herritarren sentsazio horiek datuetara ekarrita esan daiteke ohikoak baino eguzki ordu gutxiago, ohikoa baino euri gehiago eta ohikoa baino giro hotzagoa egin duela, bereziki, maiatzean zehar. Ondorioen artean dago, besteak beste, Urkuluko urtegia %95ean dagoela.

Prezipitazioei dagokienez, Urkuluko estazio meteorologikoan jasotako datuek diote maiatzean 21 egunetan egin duela euria aurten eta guztira 100 litro jaso direla metro karratuko.  2023ko maiatzean 17 egunetan prezipitatu zuen eta guztira 89,9 litro jaso ziren metro karratuko. Prezipitazioetan ez dago alde handia; bai, ordea, Urkuluko urtegiaren betetze mailan. Esandako moduan, iazko maiatzean alerta egoeran zegoen Urkulu %66,51ko betetze mailarekin; 2022an %93,45ean zegoen; 2021ean %86,51n eta 2020an, azkenik, %96,66ko betetze mailan. Eta 2023ko azaroan ia %52an bazegoen, 2022an %61,45 zen betetze maila eta 2021ean, berriz, ia %66koa.

Tenperaturak apur bat baxuagoak...

Bestalde, Euskalmeten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan  tenperaturak ohikoak baino baxuagoak izan dira maiatzean zehar baina aldaketa ez da esanguratsua. Arrasateko estazioa meteorologikoan jasotako datuen arabera, adibidez,  19 egun zenbatu ziren aurten 20 gradutik beherako tenperaturarekin. Maiatzeko bataz besteko tenperatura 12,7 gradukoa izan da aurten eta 14 gradukoa izan zen iaz. 

...eta eguzki ordu gutxiago

Eguzkiak goxatutako orduei dagokionez, sentsazio orokortua da eguzki gutxiago ikusi dugula eta halaxe ziurtatzen du, besteak beste, Biarritzeko estazioko datuak. Izan ere, 151 eguzki ordu zenbatu dira han maiatzaren 27a arte, batez besteko datua baino % 23 gutxiago. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak