Komentuko eraikinari azken ukituak ematen dabiltza

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 15a, 14:00

Agustindarren komentua izandako eraikina eraberritzeko lanak bukatzear dira. 2022ko azaroan hasi ziren eraikin horren beheko solairua eta sotoaren zati bat birgaitzen, eta, aurreikusitakoa baino luzeago jo badute ere lanek, laster amaituko direla aditzera eman du Udal Gobernuak. Komentuaren gunea, zerbitzu guztiekin, aurtengo urrirako abian egotea espero dute.

Komentuan kokatuko diren zerbitzuen artean egongo dira Autonomia Sustatzeko Espazioa (ASE), taberna-jatetxea, Basotxo elkartearen egoitza eta erabilera anitzeko aretoa –argazkitan horiek–.

Autonomia Sustatzeko Espazioa

Gaur egungo memoria tailerren zerbitzuari lekukoa hartuko dio Autonomia Sustatzeko Espazioak, baina ez dela zerbitzu bera izango adierazi du Nerea Zubillagak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak: "Hainbat gune izango ditu, ariketak eta ekintzak egin ahal izateko. Horregatik, pertsonen autonomia sustatzeko eta mendekotasuna atzeratzeko baliabide garrantzitsua izango da". Gaineratu du "elkarrekintzarako gunea" ere izango dela, beste pertsona batzuekin "harremanak eraikitzeko".

Hori guztia bideratzeko beste gizarte langile bat dago lanean azken hilabeteetan Udal Gizarte Zerbitzuetan: "Zaintza ekosistemaren diseinu eta koordinazioaz gain, egoera autonomoetatik mendekotasunerako bidean jarraipen pertsonalizatuagoak egingo ditu".

Zerbitzu hori diseinatzerako orduan hainbat herritar elkarrizketatu dituztela eman du jakitera: "Egungo erabiltzaile eta profesionalak eta erabiltzaile potentzialak izan daitezkeenak".

200.000 euroko gainkostua

Lanen bukaera atzeratu egin da eta kostua esandakoa baino handiagoa izan dela azaldu du Ion Albizuk, Hirigintza zinegotziak "obraren hasieran izandako gabezia eta aldaketa" batzuengatik: "Aldaketa eta gabezia horiek desbideratze bat ekarri dute, aurrekontu osoaren %10 ingurukoa, hau da, 200.000 eurokoa". Eta kopuru esanguratsuenak aipatu ditu: fatxadako aldaketak, 38.406 euro; kanpoko saneamendua konpontzea, 21.226 euro; terrazako harmailak aldatzea, 11.291 euro; egiturazko errefortzuak, 19.505; isolamendu akustikoa, 19.116 euro; instalakuntzetako egitura-aldaketak, 16.016; elektrizitatean aldaketak, 12.062 euro eta sukaldearen aldaketak, 10.204 euro.

Horiei gaineratu behar zaie 41.277 euro legionellaren tratamenduaren gaineko arau-aldaketa bat tarteko proiektua aldatu beharra izan zutelako eskaera berrietara egokitzeko Albizuren esanetan.

Halaber, eraikinaren hargune elektrikoaren lanak ere beregain hartu behar izan dituela Udalak gaineratu du, atzerapena ekarriz.

Eraikina maiatzean bertan gertu egongo dela uste dute. Gero, altzariz hornitu beharko da eta tabernaren eta ASE gunearen kudeaketa esleituko dituzte; azken horren proiektua ekainean aurkeztuko dute.

Lorategia eta pasabidea

Lorategiaren eta Deba ibaiaren pasabideak ere baldintzatu duela komentuaren proiektua adierazi du Hirigintza zinegotziak. Ura Agentziak hasierako proiektuaren baimena "ukatu egin zuen uholde kontuengatik" eta proiektu horren ardura zuen ingeniaritza enpresak hainbat aldaketa proposatu zituen: "Aurtengo otsailean Ura Agentziaren oniritzia jaso zuen Udalak. Aldaketa horiek, baina, Gobernu Taldeak proposatutakoak baino 200.000 euro gehiago suposatzen zuten".  Horregatik lorategiaren proiektu berri bat egitea erabaki dute: "Bi helbururekin; parke eta pasabide irisgarriagoak egitea eta ekonomikoki bideragarriagoak izatea".

Lanek aurrera egin dezaten komentutik hurbilen dagoen zatia urbanizatuko dela lehenengo adierazi du. Horretarako, Errebakarren kaleko hormaren zatia bota egingo da eta ondoko espaloia konpondu: "170.000 euroko aurrekontua du lan horrek eta helburua da komentuko parkerako sarbidea ondo uztea". Hurrengo lau asteetan egingo dituzte lan horiek.

Behin horiek guztiak amaituta, komentuaren gunea, zerbitzu guztiekin, aurtengo urrirako abian egotea espero dute.

Erlazionatuak

Komentuko eraikinaren itxura

Mirari Altube Arrese mai 14 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak