Zabalik dago Loramendiren museoa. Hala jarri diote izena Aretxabaletako euskara elkartearen 30 urtetako ibilbidea jasotzen duen erakusketari eta udaletxe zaharreko ateak ireki dizkiete elkarteko bazkide zein herritarrei gertutik ezagutu dezaten egindakoa.
Sorrerako dokumentuak, argazkiak, kartelak, argitaratutako liburuak eta beste hainbat kontu jarri dituzte ikusgai, multzotan banatuta. "Aretxabaleta euskalduntzeko egindako lana erakutsi gura da. Nondik datorren erakusten duten dokumentuak daude, estatutuak adibidez. Eta dago proiektuen gaineko informazioa ere badago: aisialdiaren baitako ludoteka eta Loratu; euskararen bueltako hizkuntza errefortzuak eta Auzoko; eta toponimiari eskainitako gunetxo bat ere badugu", azaldu du Jon Egidazu dinamizatzaileak.
Irudi aldaketa
Elkartea 30. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dago 2023ko abendua ezkeroztik, eta horren harira, Loramendiren irudia aldatzea erabaki dute. Elkarteko dinamizatzaile den Ainhoa Sanchez artistak berak diseinatu du berria: "Freskotasuna eta gertutasuna lortu gura izan dugu berriarekin, betiko elementuak mantenduta".
Maiatzaren 18an, Euskararen Eguna
Hilabete honetan beste hitzordu garrantzitsu bat ere badu Loramendik. Maiatzaren 18an Euskararen Eguna berreskuratuko dute, urteurrena aitzakia hartuta.
Egun bete-betea iragarri dute eta besteak beste, izango dira bertso-kalejira, herri bazkaria eta ondoren bingo musikatua, Zuttik elektrotxarangarekin kalejira, Albina Stardust eta Divina Comediaren ikuskizuna, eta dantzaldia, Gautegun taldearekin. Bazkarirako txartelak egunotan jarriko dituzte salgai.