Euskararen iragana, oraina eta geroa, adituen ikuspegitik Arkupen

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko api. 18a, 19:08

'Euskara, aurrera ala atzera goaz?' galderan sakondu dute euskararen arloan dabiltzan aditu debagoiendarrek Aretxabaletan: bi norabidetan dela diote batzuek, eta "ezin gora egin" edo "lainopean" beste batzuek. Hala ere, aurrera begirako gakoak eman dituzte guztiek ere.

Euskararen iraganaz, orainaz eta geroaz aritu dira Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria, Jon Sarasua Euskaltzaindiko kidea eta Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria, Euskara, aurrea ala atzera goaz? mahai-ingurua egin baitute aste honetan, hilaren 17an, Arkupe kultur etxean. Mari Karmen Arrieta Eskoriatzako Udaleko Euskara teknikariaren gidaritzapean, Arizmendi Ikastolaren 20. urteurrenaren harira antolatu dute.

IMANOL LARREA: "EPE LABUR ETA ERTAINEAN ZORROTZ JOKATU BEHAR DUGU; LUZEAN, BERRIZ, TXORO, HELBURU UTOPIKOAK JARRITA"

Larrea izan da hitza hartzen lehena, eta hiru ideia azpimarratu ditu: "Batetik, eskapada ederra egin dugu: XX. mende hasieratik hizkuntza, euskara desagertzera zihoan, eta horren eboluzioa izango litzateke gaur egun leku gutxi batzuetan jende gutxi batzuk hitz egitea, baina 1970eko hamarkadan lortu genuen horri buelta eman eta berriro ere goraka hastea". Eginiko lana "sekulakoa" izan arren, "nahikoa ez" dela dio, oro har, euskararen erabilera eta ezagutza "geldi" dagoelako, "gora egin ezinda", eta, beraz, ondorioztatu duenez: "Lekutan gaude oraindik".

Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria, ordea, ez da hutsean gelditu, aurrera begirako asmoez jardun baitu epe labur eta ertainerako ikuspegia ez ezik luzerakoa ere aintzat hartuta: "Epe labur eta ertainean esango nuke zorrotz jokatu behar dugula, datuak-eta ondo aztertuta eta xehetasunei begira errealistak eta eraginkorrak izanda; eta, berriz, epe luzera begira, esango nuke txoro jokatu behar dugula, helburu utopikoak jarrita eta utopia horietan sinistuta, behetik datorren grafikoaren gorakadan eragin dezagun".

Euskara, "lainopean"

Mahai-inguruan izan da Jon Sarasua ere, Euskaltzaindiko kide gisa, eta, galdera orokorrari erantzunez, azpimarratu du euskara "aurrera eta atzera" doala: "Agian, hanka bat aurrera, beste bat atzean geldituta, eta atzera ere bai, eta lainopean; hori da, beharbada, laburpen bat". Haren hitzetan, "ibilbide neketsu bat" eta "meritu handikoa" egin da azken 50-60 urteetan, baina dio "bisioak, estrategiak eta abar berrikusi" egin behar direla: "Lausotuta ditugu, lainope moduko bat dagoelako orain euskararen biziberritze prozesuan, baina dramatiko jarri gabe".

JON SARASUA: "KRISI MOMENTUAK BIRPENTSATZEKO UNEAK DIRA, BAINA, BATIK BAT, ERREAKZIONATZEKOAK: ERREAKZIO BAT BEHAR DUGU UNE HONETAN"

Krisi momentuak gauzak "birpentsatzeko" uneak direla uste baitu Sarasuak, baina, batik bat, erreakzionatzekoak. "Uste dut erreakzio bat behar duela une honetan euskal komunitateak. Orain dela 60 urte egon zen erreakzio indartsu bat, mundu mailan gutxi egon diren modukoak hizkuntza eta kultura baten alde. Hortik gatoz eta hor gaude, baina momentu honetan behar dugu erreakzio bat izan, kontrako faktoreak asko direlako eta berriro ere indartzen dabiltzalako". Hala ere, aldi berean, nabarmendu du indarra ere badagoela, eta hori antolatzean datzala auzia. "Hau aurrera atera dadin hobeto antolatu behar dugu, bai komunitate ikuspegitik, baita gobernu edo erakunde ikuspegitik ere".

Euskara, bi norabidetan

Euskaltzaleen Topaguneko erronkez aritu da, azkenik, Jasone Mendizabal zuzendari orokorra, eta, "erantzun borobilik" ez duela aitortu arren, Sarasuaren eran, nabarmendu du euskara bi norabidetan doala: aurrera eta atzera. "Leku, espazio eta eremu askotan ikusi dugu euskararen irabazia; bereziki, ezagutzan. Noranahikoa izan daitekeen euskara hori irabazi dugu. Baina atzera goaz, bai lurraldeetan, bai eremu euskaldunetan". Hala ere, datuez harago, ikuspegia zabaltzeaz jardun du, ekosistemaz hitz egin beharraz.

JASONE MENDIZABAL: "JENDARTE ERALDAKETARA DAGO BIDERATUTA GURE LANA; MUGIMENDUAREN ERALDAKETA SAKON BATEAN GAUDE MURGILDUTA"

Haren esanetan, "euskaraz eta euskara jendeaz" hitz egin behar da, "euskararen antolamenduaz eta dinamikaz", eta, hala, hori gogoan duen euskaltzaleen mugimenduaren ikuskera izan du hizpide: "Ikuspegi askotatik heldu beharra dago gai honi. Gu euskaltzale jendea aktibatzeko eta saretzeko gaude, eta euskararen erabileran eragiteko. Bada, hori aintzat hartuta, gure azken bi urteotako lana eraldaketa sozialera dago bideratuta, jendarte eraldaketara; alegia, mugimenduaren eraldaketa sakon batean gaude murgilduta". Ziurgabetasun "handia" dutela dio, baina ilusioa ere halakoa dela, eta baita aurrera egiteko beharra ere, "ezer egin ezean euskarak atzera" egingo duela iritzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak