"Lapurrak gauez sartu ziren nire atelierrean eta 100 pieza inguruko bilduma ebatsi zuten. Horrelako bilduma, jakin artisau batentzat urte erdiko lana dela gutxi gora-behera, eta ez bakarrik sei hilabetetako lana. Sortze-prozesua lehenago hasten denez, galera oso handia da", adierazi du Katalin Antxia diseinatzaile aretxabaletarrak.
Jendarmeriak aztarnak hartu ostean atelierrera sartu eta kalteak nolakoak ziren ikusita, zaila ikusten du Antxiak lapurtu diotena berreskuratzea. "Segituan ikusi genuen zein zen kaltea, nahiz-eta arratsaldera arte ez ziguten utzi atelier barrura sartzen, aztarnak hartu behar zituztelako. Hala ere, norbaitek nonbait zerbait ikusten badu kontaktuan jartzea eskertuko nuke…", gaineratu du.
2013an hasi zen Katalin Antxia moda kontuetan, eta Modu bat markarekin lanean aritu ostean hamar urtez, ondoren, Athora manthara izen gisa ari da bere lanak egiten. Athora mutilen alkandora da eta Manthara emakumezkoena izanda, ideia horretatik abiatuta egiten ditu lanak.
Laguntza bonuak salgai
Lapurretan jasandakoari aurre egiteko diru-bilketa kanpaina bat abiarazi du berriro lanari eta bere web orrialdean, athoramanthara.com helbidean diru ekarpena egin daitekeela azaldu du Katalin Antxiak: "Laguntza bonu batzuk jarri ditut salgai 25 euro, 50 euro eta 100 eurotan. Erosketa horrekin ariko zarete aurreratzen etorkizun hurbilean egingo duzuen erosketaren diru kopuru bat. Adibidez, 50 euroko laguntza bonua erosten baduzue, ondoren egingo duzuen erosketan edo Aretxabaletan ematen dudan joskintza eta patroigintza ikastarora bideratuko duzue…"
Modu horretara, diru poltsa bat lortu nahi du egoerari aurre egiteko, berriz ere oihalak erosi eta lanak egiten jarraitzeko.