Tantai baso-jabeen kooperatibako bazkide laguntzaile izateko erabakia hartu du Udal Gobernuak, eta, 1.000 euroko ekarpena eginda, prozesu horri hasiera eman dio. Kooperatiba horren helburua da basoen kudeaketan eredu aldaketa bultzatzea, eta Udaletik ohar bidez jakinarazi dute bat egiten dutela: "Kudeaketa horrek baso ekosistemen berezko biodibertsitatea mantentzen eta haien funtzionamendua bermatzen lagunduko du, zuraren, zelulosaren, biomasaren eta antzeko lehengaien hornidura alde batera utzi gabe".
Landa eremuaren "alde"
Udalen "konpromisoa ezinbestekoa" dela uste du Gobernuak, hainbat gaitan zeresan handia dutela iritzita: "Plangintza urbanistikoan zein kontzientziazio arloan, eta basoen jabeak ere bagarelako".
Hala, hartutako erabakia lankidetza baten hasiera dela azaldu dute, eta baso politika garatzeko ematen duten lehen pausoa: "Udalak apustua egiten du landa eremuko bizitzaren alde eta politika aktiboak garatzeko konpromisoa irmoa adierazi nahi du". Eta gaineratu dute hori guztia datorrela baso-jabeak lagundu eta biodibertsitatea zaintzeko helburua dutelako.
Bazkide laguntzaileak
Tantai kooperatiba duela hiru urte D2030 ekimenaren babesean hasitako proiektua da, eta 2023ko urtarrilean eratu zen, ardatz nagusietako bat jasangarritasuna izanik. Hasieran 30 bat lagunek egin zuten bat, baina elkarteak eta enpresak ere joan dira batzen; Fagor Taldea, esaterako. Hain zuzen ere, Aretxabaletako Udal Gobernuak bazkide laguntzaileen garrantzia nabarmendu gura izan du, "biodibertsitatean eta gizarte osoan duen onura bultzatzen duelako, jabeetatik harantzago doan inplikazioa sustatuta".