Udaleko bi alderdiek adostu dute adierazpen instituzionala eta zaintzarengan jarri dute arreta. Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde agertu dira adierazpen horretan eta hainbat konpromiso hartu dituzte, besteak beste, Aretxabaletako zaintza ekosistema sortzen jarraitzea, herriko eragile ezberdinekin elkarlanean; eta zaintza lanak balioan jartzeko ekintzak burutzea.
Eudelek, bestalde, Zuetaz harro leloarekin emakume aitzindariak eta adinekoak omendu gura ditu aurten, horiek egindako lana aitortuta. Eta lelo horrekin ere bat egin du Udalak.
Zaintzaren gaineko erakusketa abian
Aretxabaletan zaintza lanetik bizi direnen ahotsak izeneko erakusketarekin abiatu dituzte egitarauko ekintzak. "Bazterretik erdira ekarri nahi ditugu euren ahotsak eta gorputzak", adierazi dute antolatzaileek. Julene Rosado aretxabaletarrak Erdu talde feministaren gidaritzapean azaroaren 30erako egindako filma egongo da ikusgai Arkupeko erakusketa aretoan hilabetea bukatu artean, hainbat argazkirekin batera.
Egubakoitzerako, ostera, ekintza sorta antolatu du Mugimendu Feministak. Eguerdirako elkarretaratzea deitu dute eta arratsaldean mural margotzea, bizikleta martxa aldarrikatzailea eta manifestazioa egingo dira; azken hori, 18:30ean abiatuko da Herriko Plazatik.
Solasaldiak ere antolatu dituzte: Herri akordioa Atxabaltan lurreratzen martxoaren 10ean eta emakume baserritarren bueltakoa 20an.
Bakarrizketak, dokumentala eta dantza
Udalaren eskutik, ostera, bakarrizketa bi izango dira. Hilaren 7an, Ni ta nitarrak Iholdi Beristainekin eta 12an, Magma mia Bea Egizabalekin. Baita dokumental emanaldi bat ere, Punkaren beste aldea, 14an; Jesusi Etxebarria musika irakaslearen ibilbidea jasotzen duen ikus-entzunezkoa da eta Perlata talde arrasatearrak ekoiztu du. Eta hilaren 16an Fundantz dantza urbanoen jaialdia egingo da zortzigarrenez, kiroldegian.
Kirola ere bai
Kulturari legez, kirolari ere egin diote lekua egitarauan.
Martxoaren 9an eta 10ean X. Frontenis Txapelketa jokatuko dute Iturrigorri pilotalekuan, eta 16an frontenis topaketa izango da; herriko hogei bat emakume elkartuko direla azken topaketa horretan eman dute aditzera.
Hilaren 10ean, ostera, Aresko Martxaren txanda izango da. 12:00etan abiatuko dira Aretxabaletako plazatik Eskoriatzarantz. Ibilbideari ekin aurretik, UDAren baitan, 1970 urtean, futbol taldea sortu zuten emakume aitzindariak omenduko dituzte.