30 urteak ospatu, eta aurrera egiteko gertu Loramendi

Mirari Altube Arrese 2024ko mar. 1a, 11:24

Loramendi elkarteak nondik datorren gogoan izan gura du, ibilbide horrek emandako proiektuen berri eman, euskararen erabilera sustatzen jarraitu eta hori guztia bazkideekin zein herritarrekin ospatu; horregatik, egitarau zabala gertatu dute.

Loramendi elkartea 30. urteurrena ospatzen hasita dago. Lehen zuzendaritza taldeari aitortza eginda hasi zituen ekitaldiak 2023ko abenduaren 10ean, eratu zen egun berean, hain zuzen ere. Ospakizunak, baina, urte osora zabaldu gura dituzte, eta, otsailarekin batera, urte osorako iragarritako ekitaldien berri eman dute.

Egitaraua lotzen

Hiru hamarkadotako ibilbidea lanean ospatu gura dute, eta helburuak ondo zehaztuta dituzte, Lierni Zangitu presidenteak adierazitako legez: "Batetik, abian ditugun proiektuekin jarraituko dugu, indartsu eutsita horiei; bestetik, euskara sustatzen jarraitzea da helburua, baina beste estrategia batzuk erabilita; hirugarrenik, bazkideengana gerturatu gura dugu, eta babesle ditugun horiek mimatu; eta borobiltzeko, herriarekin batera ospatuko dugu urteurrena. Hortaz, herritarrek jakin dezatela lanean gabiltzala eta haiekin ospatzeko gogoz gaudela".

Urte bukaera bitartean egingo dituzten ekitaldien berri eman gura izan dute, nahiz eta erabat zehaztuta ez dituzten. Eta, bereziki, bi kontu nabarmendu dituzte: batetik, apirilean jarriko duten museoa dago: "Elkartearen bidean zenbat kontu landu diren eta zenbat lagun pasatu diren jaso gura dugu. Udaletxe zaharreko atarian jarriko dugu ikusgai batutako materiala, eta ateak irekiko ditugu herritar guztiendako". Eta, bestetik, Euskararen Eguna; sasoi batean maiatzean egiten zen ospakizuna berreskuratu egingo dute: "Bertan behera utzi zen, eta uste dugu aitzakia ona bela berreskuratzeko. Bazkaria egongo da, eta kontzertuak ere bai". Sanmigelak ere bereziak izango direla gaineratu du.

Hona hemen egitaraua:

  • Martxoa
    • • Frontenis txapelketa eta topaketa.
    • • Korrika.
  • Apirila
    • • Loramendiren museoa.
  • Maiatza
    • • Literatur lehiaketa.
    • • Euskararen Eguna.
  • Ekaina
    • • Batzar orokorra.
  • Uztaila
    • • Aisiladi eskaintza kulturala.
  • Iraila
    • • Sanmigeletako ekintzak.
  • Urria
    • • Gaba Baltza.
  • Azaroa
    • • Bertso afaria.
    • • Solasaldia.
  • Abendua
    • • Ludotekaren urteurrena.
    • • Loramendi Eguna.

Hainbat proiektutan murgilduta

Gaur egun, proiektu ugari eta era askotakoak ditu esku artean Loramendik. Haurren aisialdiari dagokion zerbitzua ematen du: "Herriko ludotekaren ardura du hasiera-hasieratik, eta hizkuntza errefortzu eskolak ere ematen ditu". Helduentzat, ostera, Barriketan eta Auzoko egitasmoak daude abian, "euskararen erabilera" xede dutela. Horiez gain, udalekuen gidaritza ere izan ohi dute uda partean, eta sortzen diren beste egitasmo batzuei ere heldu izan diete. "Horiek antolatzeko, Udalarekin, herriko beste eragile batzuekin eta ikastetxeekin harremana dugu, eta koordinatuta egoten gara".

Euskararen erabilera sustatzea

Beinke elkartearekin –AEDren bueltan zebiltzan hainbat euskaltzaleren ekimenez– hasi zuten euskararen bueltako ibilbidea Aretxabaletan, "herritar mordoak babestuta". Zazpi urteko lanaren ondoren, Loramendi ikastolarekin bat egitea erabaki zen, eta, orduan, Joakin Arana Loramendi kultur elkartea eratu zuten 1993ko abenduaren 10ean. "Elkartea sortu zen euskararen erabileraren gaineko kezkatik, hori sustatzeko. Eta, zoritxarrez, behar hori gaur egun ere badago. Horretan jarraituko dugu lanean; gainera, talde polita osatu dugu"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak