'Kontu kontari': Jose Joakin Jauregi

Mirari Altube Arrese 2024ko ots. 29a, 20:50

Jose Joakin Jauregi (Astigarraga, 1942) elkarrizketatu du Julen Zuazabeitia (Aretxabaleta, 1961) herrikide eta lagunak Goiena telebistako Kontu kontari saioan. Sasoi bateko kontu asko ekarri dituzte gogora: eskola, lantegiak eta, zelan ez, abiadura kontuak; izan ere, automobilak eta motoak izugarri ditu gustuko Jauregi okindegia zenaren ugazabak.

Inozente Egun batez, 5 urte eta erdi zituela, iritsi zen Astigarragatik gurasoekin. Eskolara joan aurretik, eskorga bati otartxo bat jarri eta etxe berrietara joaten zen ogia banatzera. Otarrekoa saldutakoan sartzen zen eskolan, eta irakasleak zer esaten zion ondo gogoan du: "Ya llega el noticiero. Izan ere, Julen, zure ama zenak, Zezilik, saltzen zituen egunkariak-eta irakurrita joaten nintzen 10 bat urterekin". Irakasle izandakoekin gogoratzen da: Soraluzetik etortzen zen Kaifas esaten ziotena, Zamorako Celestino Lopez Dominguez, Doroteo gasteiztarra, eta Leopoldo Lopez Dominguez, aurrekoaren anaia gaztea. "Ahora vais a saber quien soy yo, esaten zuen Celestinok. Eta izugarrizko egurra ematen zuen".

Gero, gurditxo batekin hasi zen ogia saltzen; ondoren bizikletarekin Eskoriatzaraino joaten zen; eta azkenik, mobiletearekin: "Eusebio eta Angel Arresek San Martinen zuten tailerra, eta han erosi zidan aitak. Txirrindularientzat erruberak zentratzen zituzten arresetarrek, eta onenak ziren; ziklista profesionalak etortzen ziren!".

Telebistarik ez ziklo-krosean

Aretxabaletako nazioarteko ziklokros txapelketek entzute handia izan zuten eta Jauregi antolatzen jardundakoa da: "Renato Longo munduko txapelduna etorri zen, baita Wolfshohl alemaniarra ere, eta beste hainbat txirrindulari garrantzitsu. Lasterketaren aurrekontua zen ikaragarria eta Madrilera joan ginen telebistari etor zedin eskatzera". Manolo Zubillaga, Eloy Uriarte eta Jauregi bera joan ziren orduko gobernadore zibilarengana: "Aranburu Olaran zen eta bazuen Aretxabaletarekin loturaren bat. Azaldu genion gure asmoa, baita telebistaren laguntza behar genuela txanpon batzuk ateratzeko esan ere. Hark gutun bat idatzi zuen eta harekin Prado del Reyra joan ginen. Orduan zuzendaria zen Aparicio Bernalek ezin izan gintuen hartu, eta haren bigarrenarekin egon ginen". Pozik itzuli ziren bidaia hartatik, baina lasterketa eguna iritsi zenean telebistarik ez zen agertu: "Zer egin? Bazegoen Donostian telebista zuen Urkia familia eta andre-gizonak etorri ziren haien aparailuekin. Hurrengo egunean hamalau segundo bakarrik bota zituzten telebistan. Baina Fagorren publizitatea agertzen zen, eta, Fagorreko arduradunetako bat hemengo neska batekin zebilenez, hark salbatu gintuen. Bestela, kartzelara joango ginen!"

BULTACO 155 MOTOA EROSI ZUEN 19 URTEREKIN ETA HAREKIN JOAN ZEN SOLDADUSKARA

Soldaduskara Bultaco motoan

Autoak eta motoak ditu gustuko, lehen eta orain. Aretxabaletan gerra ostean zeuden motoak oroitzen ditu: "1952an Tomas Agirre Goikoleari anaiak Kubatik bidali zion Harley Davidson bat sidekarrarekin eta atzeko martxarekin. Tomasen semea, Luis, gero kopilotu izan zen nirekin lasterketa batzuetan". Ondoren, moto handien txanda etorri zen: "Juanito Otxoak zuen, Santamarinak ere bai Montesa bat. Eta Arkarazoko Pablok. Hori Gurea tabernatik irten zen esanaz Gasteizera zihoala loteria erostera eta segituan itzuliko zela, eta bidean geratu zen".

Jauregik berak 19 urterekin erosi zuen lehenengoa: Bultaco 155. Harekin joan zen soldaduskara, Burgosera: "Bidaia hori ordubete eta 42 minutuan egiten nuen orduan. Eta orain, 80 urtetik gora ditudala, ordubete eta lau minutuan. Alde ederra! Moto hari hobekuntzak egin nizkion eta 140 kilometro orduko hartzen zituen leku aproposean eta asko behartuta. Zenbat aitagure errezatzen nituen, eta pentsatzen nuen: katea puskatzen bada, adios!".

Sasoi hartako automobilekin ere akordatzen da: "Leanizbarrutiarrek zuten autoa; lezamatarrek ere bai, auto ingelesak zituzten, Riley eta; a zelako katxarroak! Bernardino Zubiak ere bazuen eta Arrue zaharrak ere bai. Hura Gasteizera joaten zen egunero kafea hartzera, eta behin, Gatzaga igotzen zihoala txapelak alde egin zion. Hura hartzeko buelta eman zuenean izkina jo, eta kolpe galanta hartu zuen".

Jerezera 38 alditan

Bultaco motoa erosi zuenean zaletu zen moto-krosera: "Bi lasterketa jokatutakoa naiz; garaikur bat irabazi nuen, eta kito". Zirkuituetako lasterketetan ere ibilia dela dio, eta, motoarekin ez bezala, autoarekin parte hartutakoa: "1984an eta 1985ean Alcañizko zirkuitu urbanoan egon nintzen. Semea jaio zenean emazteari esan nion azkenekoa izango zela. Nire lasterketarik onena izan zen, Seat FU 1800 autoarekin, baina, azkenean, kolpearekin bukatu nuen".

Oraindik ere bidaiatzen du motoarekin, semea lagun hartuta; iaz, esaterako, Jerezen izan zen: "3.500 kilometro egin genituen, zuzen ez garelako sekula joaten. Aurten joaten banaiz, 39.a izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak