Garikoitz Iturbe: "Ibaiko pasabidearen lehenengo proiektua atzera bota du Ur Agentziak eta beste bat gabiltza garatzen gu"

Mirari Altube Arrese 2024ko ots. 23a, 18:30

Abian diren proiektuen gainean –komentua eta igogailua, esaterako– eta datozen beste hainbati buruz –Markoleko zelaia eta pilotalekua, adibidez– jardun du Garikoitz Iturbe alkateak Goiena telebistako Harira saioan.

Alkate kargua hartu ondorengo lehen zortzi hilabeteak "intentsuak baina politak" izan direla adierazi du Garikoitz Iturbe Etxebarria (Aretxabaleta, 1979) alkateak. Eta onartu du Udalean sartu ondoren konturatu dela zein motel doazen gauzak administrazioan. Era berean, eskerrak eman dizkie alboan duen lantaldeari eta "bidelagun izaten dabiltzan udal langileei".

Komentuaren bueltako lanak

Udal aurrekontua onartu berri dute, eta, "aurreko agintalditik datozen proiektuek baldintzatutakoa" izan arren, euren ukitua eman diotela azaldu du: "Ez da EH Bilduren ukitua bakarrik, herritarrengandik jasotakoarekin osatutakoa baizik. Badute berdintasunetik, zaintzatik, irisgarritasunetik, gazteen ongizatetik, auzoak erdigunera ekartzetik… baita arazoen aurrean erantzun azkarra ematetik ere".

Zaintza-ekosistema dute lehentasunen artean, eta horrek hiru lan-ildo dituela argitu du: "Batetik, bakardadean bizi direnekin landu nahi dugu. Gizarte langile bat txertatu dugu lantaldean, eta 70 uretik gorako herritarrekin harremanetan jartzen hasi da". Bigarren ildoa izango da eguneko arreta zerbitzua, komentua izandako eraikinean kokatuko dena. Eta hirugarren ildoa zaintza lanetan diharduen kolektiboarekin landuko dute.

Esan du komentuko lanek atzerapenak izan dituztela, hainbat arrazoirengatik, baina "apirilerako bukatuta" izango da: "Behin amaituta, lehenbailehen jarri gura dugu martxan, baina, horretarako, hornitu egin behar da aurretik". Horregatik, ez da ausartu data zehatz bat ematera.

Inguruan dagoen lorategiaren txukuntze-lanak, ostera, beste proiektu baten barruan daude, Deba ibaiaren bi aldeak batuko dituen pasabidearekin batera: "Eta hor badugu arazo bat, Ur Agentziak atzera bota duelako lehenengo proiektua". Kontuak aurrera egin ahal izateko beste proiektu bat garatzen dabiltzala aurreratu du: "Ea traba gainditzen dugun; gainera, uste dut irisgarritasunean irabazi egingo dugula".

Zubi hori Txarapeako igogailuaren parean geratuko litzateke. Eta igogailu hori urte bukaera baino lehen ez dela egongo gertu azaldu du: "Igogailuaren karkaxa da bukatzear dagoena, eta hori erosi egingo du orain Udalak. Gero, barruko mekanismoaren lanak esleitu beharko ditugu".

Osasun etxe berriaren lanei dagokienez, gaur, egubakoitza, bilera bat dute Osasun Sailekoekin: "Batetik lanak zelan doazen jakin eta horien denborak zehazteko; eta bestetik, proiektuaren bueltan hitz egiteko, bertan kokatuko direlako osasun zerbitzuez gain Udalaren Gizarte Zerbitzuak".

Berdegunea eta pilotalekua

Kiroldegi aurreko berdegunearen proiektuari aurten heldu gura diote: "Lehenengo fasean sartuko dira ur-txorrotak eta aisialdirako gunea. Guk jaso genuen proiektua oso garestia iruditu zitzaigun, 800.000 euro ingurukoa zelako, eta, fintzen ibili ostean, ia erdira jaitsi dugu". Pilotalekuari heltzeko asmoa ere badu alkateak, eta proiektu baterako partida bat gorde dute: "Pena da aurreko agintaldian ez heldu izana, dirulaguntza bat galdu dugulako". Goiena telebistak egindako inkestan herritarrek adierazitakoekin bat etorri da Iturbe; hau da, hainbat gabezia dituela instalazioak: "Aldagelarik ez, hezetasun arazoak, itoginak… Inplikatuekin batera landuko dugu proiektua".

Era berean, gune estali baten beharra ere badagoela adierazi du: "Umeen aisialdirako eta hainbat eratako ekintzak egiteko, esaterako. Herritarrekin batera zehaztuko dugu zeri erantzun beharko liokeen eta non kokatu beharko litzatekeen". 200.000 euroko partida bat sortu dute horretarako.

Bestetik, igeltserotza zerbitzua jarri dute abian, konponketa txikiei lehenbailehen heltzeko helburuarekin: "Azkartasuna gura dugu, eta mugikortasunean irabaziko dugu. Ildo horretatik, eskertzen ditugu herritarrek helarazitako mezuak".

Kuartela eta gaztetxea

Bestalde, institutua lekuz aldatzeko proiektuarekin aurrera egiteko asmoa ere badu, leku faltagatik: "Jaurlaritza eraikinaren lanak bere gain hartzeko gertu egonda, guk ere argi genuen hori bultzatuko genuela". Herriaren sarreran, Arbizelai inguruan kokatuko dute hori.

Kuartelari ere heldu gura diote: "Abandonatzen utzi den eraikin bat izan da, eta segurtasunari dagokionez hobekuntza asko behar ditu". Hain zuzen ere, instalazio elektrikoa aldatzeko lanei ekingo diete egunotan: "Gero, proiektu bat egingo da bertako erabiltzaileekin, zelan hobetu eta zer egin zehazteko". Gaineratu du herriko 100 sortzaile inguru elkartzen direla han, eta haien bidelagun zelan izan hausnartu beharko dutela aurrerago.

Gaztetxearen gaia ere mahaiaren bueltan dute: "Gazte mugimenduak proiektu bat aurkeztu zigun orain dela hilabete batzuk, eta guk ere argi dugu Aretxabaletak gune autogestionatu bat behar duela. Leku bat eskatzen dute, eta aukerak aztertzen gabiltza".

Agintaldiko plangintza, oposizioa ere eske dagoena, ekainerako agindu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak