Abian diren proiektuekin jarraitu eta berriei ekiteko aurrekontua onartu du udalbatzak

Mirari Altube Arrese 2024ko ots. 16a, 07:12

Hamasei milioi euro pasatxoko aurrekontua izango du Udalak 2024rako. Inbertsio handienen artean daude Markoleko berdegunea, Andramari auzuneko proiektua eta komentu ingurua urbanizatzea.

2024ko udal aurrekontua onartu berri du Aretxabaletako udalbatzak, hilaren 14an hain zuzen ere, ezohiko osoko bilkura eginda. Aurrekontu horretan 14.952.920 euroko gastua aurreikusi dute, eta horiek finantzatzeko 12.741.587 euroko sarrerak espero dituzte; falta dena osatzeko 2.211.332 euroko mailegua txertatuko dute. "Dena dela, ez da mailegu horren beharrik aurreikusten, Udalak baduelako likidezia nahikoa horri aurre egiteko", azaldu du Gari Iturbe alkateak. Esandako gastu horiei, gainera, gehituko dizkiete iaztik datozen konpromisoei aurre egiteko beharrezko direnak; bereziki, komentuaren obraren bukaerari aurre egiteko. Hala, orotara, 16.322.119 euroko aurrekontua izango da 2024koa.

Udalak 2024rako onartutakoa:

  • • Udal aurrekontua: 16.322.119 euro.
  • • Inbertsioak: 2.986.598 euro.

Inbertsio aipagarrienak:

  • • Markoleko berdegunea: 450.000 euro.
  • • Andramari auzoa urbanizatzea: 400.000 euro.
  • • Komentuko lorategia: 350.000 euro.
  • • Komentuko lanak: 180.000 euro
  • • Arkupeko klimatizazioa eta eguzki plakak: 305.000 euro.
  • • Gune estalia: 200.000 euro.
  • • Auzoetako bideak eta konponketak: 145.000 euro.
  • • Lurrak erostea institutuarendako: 100.000 euro.

Beste partida batzuk:

  • • Zaintzaren gaineko proiektua: 32.000 euro.
  • • Formakuntza saioak zaintzaileentzat: 30.000 euro.
  • • Nerabeen gaineko diagnosia: 21.000 euro.
  • • Merkataritzako bonuak: 36.500 euro.
  • • Udaleko berdintasun plana: 5.300 euro.
  • • LGTBI+ diagnosia egitea: 6.000 euro.
  • • Gune moreak: 3.000 euro.

Gobernuaren ildoak txertatuta

Udal Gobernu berriak aurkeztutako lehenengoak izan dira. "Neurri batean, aurreko agintaldiko proiektuek baldintzatutakoak dira, hasitako proiektuak amaiera fasean sartuko direlako", adierazi du alkateak. Hala ere, proiektu estrategiko berriek ere izango dutela lekua gaineratu du, eta horiek zehazterakoan kontuan hartu dituzten ildoak aipatu ditu: "Berdintasuna, dibertsitatea, herrigintza, zaintza eta auzoen zentralitatetik eta irisgarritasunetik asko dute. Ikuspegi aldaketa bat ekarri nahi duten partidak txertatuko dira aurretik datozen beste batzuekin batera". Inbertsio garrantzitsuenak "Zaintza ekosistemaren erdigune" izango den komentuaren lanekin jarraitzeko 180.000 euro gehiago bideratu dituzte. Lan horiek 2023ko azarorako bukatuta egon behar bazuten, ere ez da hala izan, eta data berria zehaztu dute: 2024ko martxoaren 31. Behin amaituta, eguneko arreta zerbitzuaren gunea eta komentuko taberna hornitzeko 85.000 euro zehaztu dituzte. Inguruko lorategia ere berritu egingo dute, eta horretarako 350.000 euro izango dira.

Komentua izandako eraikinaren berritze-lanak.

Andramari auzoko urbanizatze-lanak ere aurreko agintaldian aurreikusi zituzten, eta horietara 400.000 euro bideratu dituzte orain.

Kiroldegi aurreko berdegunearen proiektua da aurreko agintalditik datorren beste bat, eta han kirol eta aisialdi gune bat egokitzeko 450.000 euroko partida onartu dute.

Bestalde, Arkupeko klimatizazio eta berogailu sistemak berritu beharra dauka, eta 305.000 euro aurreikusi dituzte. "Azken urteetan izan dituen matxuren eta sistemaren zahartzearen ondorioz, berritu beharra du". Partida horretako 69.000 euro izango dira teilatuan eguzki-plakak jartzeko.

Eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiteko Arbizelai inguruan kokalekua izango duen ikastetxe berrirako lurrak erosteko 100.000 euro zehaztu dituzte, lehen ordainketa egiteko.

Udal Gobernuak, bestalde, garrantzi handia eman dio Aretxabaletan gune estali bat egokitzeari, eta horretarako 200.000 euroko inbertsioa aurreikusi du.

Zaintza-ekosistema

"Zaintza-sistema erdigunera ekartzeko bideari ekingo diogu", aditzera eman du Iturbek: "Hala, bakardadearen gaineko lanketa egingo da, eguneko arreta zerbitzua martxan jarri eta zaintzaileak kontuan izango dituzten ekintzak bultzatuko dira". Adituen laguntzarekin garatu gura dute proiektua eta 32.000 euroko partida gehitu dute. Zaintza-lanetan dihardutenen beharrei erantzuteko formakuntza-saioak antolatuko dituzte, eta horretarako 30.000 euroko partida bat sortu dute.

Zaintza, baina, herriko hainbat arlotara zabaldu gura dute: "Nerabeen eta gazteen ongizate emozionala bultzatzeko helburuarekin, diagnosi bat egingo da, prebentzio mahaiak bideratuta, nerabeen beharrak eta kezkak aztertzeko". Horretarako, 21.000 euroko partida bat sortuko dute, eta egoera larrien aurrean laguntza psikologikoa bermatzeko 5.000 euro gorde dituzte. Era berean, Udalak dituen etxebizitzak txukuntzeko partida bat sortu dute, eta, hain zuzen ere, helburua da aurten "etxebizitza guztiak erabilgarri" edukitzea.

Berdintasuna, "estrategikoa"

Berdintasun Saileko partidek igoera izango dute, "apustu estrategikoa" delako Udal Gobernuarentzat. "Batetik, Berdintasun teknikariaren plaza ateratzea aurreikusi da, barne egituran txertatzeko; eta, bestetik, partida berri batzuk sortuko dira". Horien artean daude honako hauek: Udalaren berdintasun barne plana, 5.300 eurorekin; LGTBI+ diagnosia, 6.000rekin; eta gune moreak, 3.000rekin. Berdintasun barne plan hori 2024ko lehen hilabeteetan egin gurako lukete.

Aipatutakoez gain, berdintasuna bultzatzeko dagoen partida 4.000 eurora igo dute, baita kirolean berdintasuna sustatzeko kantitatea 3.000 eurora igo ere. "Kirolean emakumeen parte hartzea areagotzeko ekimenak antolatu gura dira, eta, horretarako, herriko eragileen arteko lankidetza bultzatuko da".

Auzoek diru gehiago Bestalde, auzoak erdigunera eroan gura dituzte, eta horiei bideratutako diru kopuruak igoera izango du, bi partidaren bitartez: bideak konpontzeko 105.000 euro eta konponketa txikiak egiteko 40.000 euro. "Hori guztia auzo-alkateekin gabiltza lantzen, haiek izan daitezen non inbertitu erabakiko dutenak".

Merkataritzari dagokionez, bonuetarako 36.5000 euro zehaztu dituzte: "Eta partida bat sortuko da beste bonu sistema bat garatzeko".

Oposizioaren ekarpenak

EAJ Udal Taldea abstenitu egin da bozketan, nahiz eta onartu duen "orokorrean bat datorrela aurrekontuarekin". Inbertsioetarako onartutako partidekin "gustura" agertu da Mikel Uribetxebarria bozeramailea: "Aurreko agintalditik datozen proiektuak direlako, guretzat estrategikoak, eta jarraipena izango dutelako". Horien artean aipatu ditu komentuko eraikina eta ingurunearen urbanizazioa, Iturrizar auzoko igogailua, Andramari auzuneko urbanizazioa, kiroldegi aurreko berdegunea, Arkupeko klimatizazioa eta lur erosketak institutuarendako.

Era berean, EAJk egindako hainbat ekarpen onartu egin ditu Udal Gobernuak eta zenbait lan egiteko partidak sartu dituzte aurrekontuan: herriko garbitasunerako; autobus geltokien mantentze-lanetarako; eta zebra-bideetan argiztapenerako eta mantentzerako. Horiez gain, konpromisoa hartu du Gobernuak komentua eta Iturrizar plazaren arteko pasabidearen proiektua idazteko partida sartzea eta udal bideak konpontzeko dagoena handitzea, beharren arabera. Onartu ez dutenen artean dago Lausittako PEASaren proiektua idaztea: "Eta hori oso garrantzitsua zen guretzat".

Uribetxebarriak plangintza baten beharra azpimarratu du: "Faltan igarri dugu agintaldi honetako proiektu estrategikoak jasoko dituen plangintza bat; izan ere, garrantzitsua da jakitea lau urteko inbertsioak zeintzuk izango diren".

Alkateak erantzun dio badutela hori egiteko asmoa: "Guk geuk ere beharrezkotzat jotzen dugu, horrek zehaztuko duelako lau urteko ibilbidearen iparra. Elkarteen eta herritarren beharrak jaso ostean, ekainerako eginda izan gurako genuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak