Euspot lehiaketaren hamahirugarren edizioa aurkeztu dute

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ots. 7a, 15:15

Aurtengo gaia 'Telefono mugikorrak eta adin txikikoak’ izango da. 30 segundoko ikus entzunezko baten bitartez, mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak azaltzea izango da erronka; maiatzaren 20a izango da lanak aurkezteko azken eguna.

Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako Ikus Entzunezko Komunikazio Kanpusean aurkeztu dute Euspot lehiaketaren hamairugarren edizioa. Aurtengo gaia Telefono mugikorrak eta adin txikikoak’ da. Gizartean pil-pilean dagoen gaia da, eta, 30 segundoko ikus entzunezko baten bitartez, parte hartzaileek, mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak azaltzeko erronka izango dute. "Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza eta Politika Sailburuordetza da aurtengo babesle nagusia, eta, gaia Euspot-era ekarri nahi izan dute, kontzentziazioa lortzeko" adierazi du Arantzazu Lagunilla Artemaneko zuzendariak.

Parte hartzaileek maiatzaren 20a izango dute lanak aurkezteko azken eguna, goizeko 10:00ak baino lehen. Lanak, 2gb baino txikiagoak izan beharko dira eta euspotlehiaketa@arteman.eus helbidera bidali beharko dira WeTransfer bidez. Gainontzeko oinarriak Euspot lehiaketaren webgunean aurkitu daitezke.

3000 euro saritan

Aurten ere 3000 euro banatuko dituzte sarituen artean. Guztira sei kategoria izango dira: Spotik onena (1.000 euro); Publikoaren saria (500 euro); Gazteen saria -18 urtetik beherakoak- (500 euro); Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro); Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro); Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Publikoak maiatzaren 24tik (12:00etatik) 27ra arte (12:00ak) bozkatu ahalko du, sari banaketa, berriz, ekainaren 6an izango da (19:00), Arkupe kultur etxean.

Hamahiru urteko ibilbidea

Aretxabaletan sortu zen Euspot duela hamairu urte eta dagoeneko 750 spot jaso dira edizio guztiak kontuan izanda. Hasieratik, gaur egunera, maila nabarmen igo dela aitortu du Lagunillak: "Geroz eta sortzaile gehiago ditugu inguruan, eta teknologia berriak ematen dituzten abantailak aprobetxatuta, lanak geroz eta maila altuagokoak dira".

Euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen aitzindaria izan da Euspot, eta, era berean, hamairu urte hauetan erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Aretxabaletako alkate den Gari Iturbek azpimarra egin gura izan du horretan gaurko aurkezpenan: "Horrelako ekimen bat herrian jaio dela ikustea, eta izan duen bilakarea ikustea, pozgarria da. Gainera, niretzat garrantzitsuena da sorkuntza euskeratik egiten dela, are gehiago gaur egun bizi dugun egoera ikusita".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak