Lehen pausoak ematen hasi da Aretxabaletako Udala zaintza ekosistema diseinatzeko

Mirari Altube Arrese 2024ko ots. 5a, 15:59

Prebentzioa oinarri hartuta zahartze prozesuei heltzeko gertu egon gura du Aretxabaletako Udalak, horretarako baliabideak eskainita eta komunitatearen konpromisoarekin eta inplikazioarekin; dagoeneko hasi da lanketa horretan.

Zaintza ekosistema diseinatzen hasi da Udala, iritzita "gizarte erronka nagusien" artean dagoela hori. Beharrak eta baliabideak kontuan hartuta "beste era batera antolatzearen garrantzia" mahai gainean jarri eta zaintza sare bat sortzeari ekin diote. Izan ere, "publiko-komunitario" den eredua behar da Ongizate zinegotzi den Nerea Zubillagak azaldu duenez eta proiektuaren berri oposizioak ere badu. Lan horiek koordinatzen dihardu esparru horretan eskarmentu handia duen Antziñe Mendiak.

Prebentzioa oinarri

"Prebentzioa oinarri izango duen eredu baten alde egin dugu", dio Zubillagak. Hori horrela, "herritarrengana gerturatuta eta horien parte hartzearekin" diagnostiko bat egingo da: "Aretxabaletako egoera zein den jaso gura da, ondoren jendearen beharren araberako estrategia bat diseinatzeko". Ildo horretatik, Mugimendu Feministak eta Atxabalta Lagunkoia taldeek egindako lanak aintzat hartuko dituzte, eta jarraipena eman.

Hiru zutabe nagusi oinarri hartuta egingo dute lan: batetik, prebentzioa lantzeko sare komunitario bat sustatuko da; izan ere, komunitatearen inplikazioa eta konpromisoa ezinbestekoak izango direla uste du: "Gaur egungo eragileez gain norbanakoen arteko elkarrekintzak ere sortu gura ditugu askotariko dinamikekin, zahartze aktiboa bermatzeko".

Bestetik, eguneko arreta zerbitzua indartzea da asmoa: "Zahartze prozesuan, zaurgarri izatetik mendeko izatera pasatzeko prozesu horretan, gertuko akonpainamendua egitea".

Hirugarren zutabea zaintzaileen zaintza da: "Lanbidea duintzeko prozesuan pausoak eman daitezen eragingo dugu". Horretarako, zaintzaileen beharren araberako baliabideak jarri nahiko lituzkete martxan, esaterako, formakuntza eta aholkularitza.

"Eredu berri horretan" herri guztiak hartu beharko duela parte gaineratu du: "Erakundeak izanik ere halako erronka baten aurrean erantzukizuna hartu behar dutenak, herritarrekin batera egin beharreko lana da. Horregatik, taldetxo bat osatuko dugu, eta hori izango da proiektu honen motorra".

Komentua, elkarrekintzarako

Ekosistema horren barruan, komentua izandako eraikinak zeresana izango du: "Herritarrentzat orokorrean elkarrekintza espazio bat izan dadin gura dugu, izango dituen baliabideak hori sustatzeko egokiak direlako: aretoa, taberna, arreta zerbitzua, kanpo espazio zabala…", dio Zubillagak, eta gaineratu du: "Zaintzaren bueltan erreferente izan dadin gura dugu; betiere, indarra proiektuan jarrita eta eraikina beste baliabide bat gehiago izanda".

Antziñe Mendia Balerdi: "Bakardade egoeran daudenekin lan pertsonalizatua egin gura da"

Urats Gain zaharren egoitzako koordinazio lanetan jardun zuen hemeretzi urtean, hura itxi arte. Ondoren, gizarte langilea izan da GSR Debagoiena egoitzan hamalau urte eta erdiz, eta orain, zaintza ekosistemaren proiektuaren koordinatzailea da.

Mendekotasun esparrutik zatoz; aldaketa handia izan da?

Urte asko eman ditut mendekotasun larria duten pertsonekin lanean. Oso esperientzia aberasgarria izan da, 3.000tik gora erabiltzaile eta familiarekin egoteko aukera izan dut eta zaurgarritasun eta bakardade egoera asko ezagutu ditut. Orain, prebentzioan eta egoera horiek ekiditeko lan komunitario sendoa eraikitzera bideratuta daude nire zereginak, aurreko esperientzia abiapuntu hartuta.

Zein egiteko izango dituzu proiektu horren bueltan?

Lehenengo, zaintzaren diagnosia egin –hori jasotzen eta ematen dutenak aintzat hartuta–, bakardadean arreta berezia jarrita; horiekin lan pertsonalizatua egiteko gero. Datu kuantitatiboak jasotzen ari naiz, bakarrik bizi diren aretxabaletar kopurua jakin eta profilak ezagutzeko; 70 urtetik gorako 289 herritar daude: 77 gizonak eta 212 emakumeak. Bigarren pausoa izango da adin multzoka profil ezberdinetako pertsonekin harremanetan jarri. Haien ekarpenak jaso gura ditugu, zerbitzuak haien beharrei erantzuteko.

Sare bat ere osatu gura da, ezta?

Talde motorra osatuko da. Horretarako, herriko talde eragileekin elkartuko naiz, proiektua aurkeztuko diet eta ekarpenak jaso ditut; horren helburua da konpromiso-itun bat landu eta lortzea. Proiektuaren inguruko sentsibilizazioa eta komunikazioa sustatzeko kanpainak ere egingo ditugu. Adinekoen arteko zein beste herritarren arteko loturak sortzen laguntzea edo dituztenak sendotzea izango da helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak