Irisgarritasun planaren eguneraketari dagokionez, Aretxabaletako udaleko Hirigintza zinegotzi Ion Albizuk hori egiteko bi arrazoi eman ditu: "Batetik, badira 2018an egindako planean sartu barik dauden gauzak, etorkizunean egin edo garatzeko sartu behar direna. Bestetik, diru-laguntzak jaso ahal izateko plana eguneratuta egon behar da eta gure asmoa da ahalik eta diru-laguntza gehien eskatzea, denbora gutxiagoan gauza gehiago egin ahal izateko".
Plana egiteko 19.000 euroko partida bideratuta, urte honetan amaitzea aurreikusten du Udalak eta Albizuk dio horrek markatuko duela hurrengo urteetan Durana bezalako kaleetan zein eraikin publikoetan egingo diren esku-hartzeak.
Igeltserotza zerbitzua
Era berean, eta mugitzeko gaitasun mugatua duten pertsonei begira espaloiak seguruak izateak berebiziko garrantzia duela iritzita, dagoeneko lanean den behin-behineko zerbitzu propioa jarri du martxan Aretxabaletako Udalak. "Gure helburua da herri osoan ez egotea apurtutako baldosarik. Horretarako, orain arte egin den moduan zerbitzua azpikontratatu beharrean, salto kualitatibo bat eman eta udal-brigada barruan lanean dabilen igeltsero bat kontratatu dugu. Oraingoz sei hilabeterako kontratatu dugu. Epe hori bukatzean baloratuko dugu zerbitzuak behar bezala funtzionatu duen, baita behin-betiko bihurtzeko aukera aztertu ere, oso garrantzitsua den irisgarritasun txiki hori bermatu ahal izateko", azaldu du Albizuk.
Zentzu horretan, Udaletik herritarren laguntza ere eskatu dute konpontzeko dauden espaloiak, zebra-bideak eta bestelakoak identifikatzeko. Hala, udaletxera joanda edo udalaren webgunearen zein aplikazioren bidez horien berri ematera animatu dituzte aretxabaletarrak.