Udal Gobernu taldeak 2024rako aurrekontua landu du azken asteotan, eta hamasei milioi euro jaso dituzte hor; horietatik lau, inbertsioetarako. Proposamena dagoeneko helarazi dio oposizioari, eta udal langileekin ere partekatu du.
"Aurreko agintalditik bukatu barik dauden inbertsioek baldintzatutako aurrekontua" dela azpimarratu du Gari Iturbe alkateak. Hala ere, Udalak hainbat ildo zehaztu dituela azaldu du: zaintza ekosistema integrala garatzea, herrigintzarekin sinergiak sortzea, auzoetan arreta jartzea eta berdintasuna ardatz izatea.
Gizarte-ongizatea: %20 gora
Gizarte-ongizatera bideratutako partida "oro har %20 handituko" dutela zehaztu dute. Zaintzari dagokionez, adin guztiak kontuan hartzea dute helburu: "Arreta berezia eskaini gura diegu bakardade egoerei. Era berean, zaintzaileak zaintzeko bidean urratsak egin gura ditugu, eta horiendako aholkularitza sistema bat jarri". Aldi berean, eguneko arreta-zerbitzua martxan izango dela gogorarazi du. Nerabeen eta gazteen ongizate emozionala bultzatzeko prestakuntza eta laguntza eskainiko dela ere aurreratu du, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako proiektu bat abiaraztea da asmoa. Gizarte-larrialdi kasuetarako Udalak dituen etxebizitzak konpontzea ere sartu dute.
Berdintasuna, ardatza
Ardatz nagusietako bat berdintasuna izango dela nabarmendu dute Udal Gobernuko kideek: "Teknikariaren lanaldia handitu egingo dugu, eta postua egonkortu. Emakumeen etxea ere iparra da guretzat, eta parte hartze prozesu bat egingo da beharrak identifikatzeko".
Hizkuntzari eta hezkuntzari ere helduko diotela jakinarazi du: "Hizkuntza-paisaia hobetzen saiatuko da eta hezkuntzaren esparruan, horien beharrak identifikatzeko mahai bat sortuko da".
Azpiegituretarako inbertsioak
Azpiegituretara, ostera, lau milioi euroko inbertsioa bideratuko dute; hona hemen aipagarri batzuk: Andramari plaza eraberritzeko, 400.000 euro; kiroldegi aurreko kirol eta aisialdi gunearen lehenengo faserako, 450.000 euro; komentuko lorategia egokitzeko, 350.000 euro; Txarapeako igogailuarendako, 350.000 euro; Arkupeko klimatizazioa konpontzeko, 350.000 euro; gune estali bat egiteko, 200.000 euro; institutu berriarendako lurrak erosteko, 100.000 euro; eta kuarteleko instalazio elektrikoa konpontzeko, 80.000 euro.
Iturbek azaldu du pilotalekuaren atontzeari ere ekingo diotela: "Proiektua garatzen hasiko gara, parte-hartzea bultzatuta". Gainera, kirolaren alorrean, taldeentzako laguntzak handitzea eta emakumeen parte-hartzea sustatzea dituzte helburuen artean.
Horiez gain, auzoetako "bizi-baldintzak hobetzeko apustu sendoa" egin gura dute. Horretarako, honako hauek jaso dituzte: partida bat sortzea, auzoen artean proportzionalki banatzeko; bideak konpontzeko beste bat; eta jaiak antolatzeko partida handitzea.
Herriko ingurumen balioen azterketa egitea ere aurreikusi dute: "Gure basoen eta ibaiaren egoeren diagnostikoa egingo da, aurrera begirako interbentzioak aztertzeko".
Parte-hartze prozesua
"Herrigintza, zentzu zabalenean, gure iparra izango da", adierazi du alkateak, eta "komunitatearen sinergiak indartzeko hainbat ekimen" dituztela zehaztuta azaldu; adibidez, elkarteen arteko koordinazioa hobetzeko aplikazio bat. Horrez gain, aurreratu du prozesu parte-hartzaile bat jarriko dutela abian herritarrekin: "Ekarpenak jasota marraztuko dugu zelako Aretxabaleta izan gura dugun, hurrengo urteetako proiektuak eta aurrekontuak bideratzeko".