Julen Abasolo Gallastegik eta Gorka Madinabeitia Perezek egindako lan mardula jaso dute argazkiz betetako 227 orri dituen bilduman.
Aretxabaleta inguruko auzo eta mendietako zein erdiguneko ibilbideak jaso dituzte, hamabi, guztira, argazkiekin eta argibideekin osatuta: argazki panoramikoak eta QR bidez tracka eta earth hegaldiak. Baina bereziki toponimiari eman diote garrantzia eta milatik gora toki izen eta istorio mordoa batu dituzte, baita argazki zaharrak ere; egileen esanetan, "makina bat laguni esker". Ez dute artxibo lanik egin, ahoz aho transmititutakoa jaso baizik. Toponimoak liburuan jaso dituztenean ez dute idazkera ofizialaren alde egin, "esaten den moduan ezagutzera ematea" dagokielakoan.
Herritarren gustuko
Loramendi elkartearen bueltan sortutako Toponimia taldeak jarri zuen abian proiektua, 2010ean, Ibilbide historikoak izenpean, eta hainbat irteera egin zituzten orduan. Talde haren lekukoa hartu zuten geroago Abasolok eta Madinabeitiak, eta ekimenari jarraipena eman zioten ibilbide gehiagorekin. Horiek guztiak dira liburuan jasotakoak.
Madinabeitiak adierazi du herritarrek harrera beroa egin ziotela lehenengoz argitaratu zutenean: "Herritarren aldetik zorion mezuak jaso genituen orduan. Oso polita zela adierazi ziguten, gustura irakurri zutela esanez. Hunkitu egin zitzaizkigun batzuk, eta sasoi bateko kontuak pozik irakurri zituzten", adierazi du Madinabeitiak.
Loramendin salgai
200 ale argitaratu dituzte, eta Loramendiren bulegoan, Durana kalean, dagoeneko salgai dute, 20 eurotan.
Orain ez dute aurkezpenik egingo. Loramendiren 30. urteurrenaren baitako egitarauan sartuko da hori eta urtarrilean edo otsailean egingo da, seguru asko, jendaurreko ekitaldiren bat.