Ibilbide asko, pasarte mordoa eta milatik gora toponimo liburuan jasota

Mirari Altube Arrese 2022ko urt. 31a, 10:13

Herriko bazterrak, izenak eta istorioak ezagutzera emateko asmoarekin urteetan egindako lana batu dute Julen Abasolok eta Gorka Madinabeitiak 'Aretxabaleta. Hamaika ibilaldi eta istorio' liburuan; otsailaren 5ean aurkeztuko dute hori, Arkupen.

Toponimia lan mardula egin dute Julen Abasolo Gallastegik eta Gorka Madinabeitia Perezek, eta Aretxabaleta. Hamaika ibilaldi eta istorio liburuan jaso. Loramendi elkarteko Toponimia taldeko kideek otsailaren 5ean aurkeztuko dute hori jendaurrean, Arkupen, hain zuzen ere (12:00), eta Udalak finantzatuta –eta Mondragon Assembly, Copreci, Ederlan eta Zenbakiren laguntzarekin– argitaratutako liburuak –200, baina batzuk aurretik saldu dituzte– eskuragai izango dira.

Urte askotako emaitza batu dute 235 orritan. Herri inguruko auzo eta mendietako zein erdiguneko ibilbideak jaso dituzte, hamabi, guztira, argazkiekin eta argibideekin osatuta: argazki panoramikoak eta QR bidez tracka eta earth hegaldiak. Baina bereziki toponimiari eman diote garrantzia eta milatik gora toki izen eta istorio mordoa batu dituzte; egileen esanetan, "makina bat laguni esker".

Hamar urtetik gorako proiektua

Loramendi elkartearen bueltan sortutako Toponimia taldeak jarri zuen abian proiektua, 2010ean, Ibilbide historikoak izenpean, eta hainbat irteera egin zituzten orduan, ibilbideak zehaztu eta osatu ahala: "Urtero bat, behintzat, bai, eta bakoitzaren gaineko informazioarekin liburuxka bana argitaratu zuten". Talde haren lekukoa hartu zuten geroago Abasolok eta Madinabeitiak, eta ekimenari jarraipena eman zioten ibilbide gehiagorekin: "Liburuxka haiek liburu batean jaso beharko genituzkeela esan genuen, kontu samurra izango zelakoan. Baina egindakoa osatu eta txukundu egin gura izan dugu, istorio gehiago jasota eta argazki hobeak aterata, esaterako. Eta luzatzen joan da kontua".

Istorio bitxi asko

Izena duenak izana du, eta baserri, tontor, haitz, zelai, erreka, bidegurutze eta txoko guztienak jasotzen saiatu dira. "Ahalegin handia egin dugu, lagun askorekin egonda, adinekoekin eta paraje bakoitzeko bizilagunekin, bereziki", dio Abasolok, eta gaineratu du Madinabeitiak: "Kurtzebarriko ia haitz guztiek dute izena, bakoitzak berea. Baina gero eta gutxiago erabiltzen dira, eta, azkenean, galdu egingo dira. Izan ere, sasoi batean menditik ateratzen zuten bizimodua askok eta toponimo guztiak ziren garrantzitsuak. Gaur egun, berriz, ez, eta erabili ezean galdu egiten dira berbak ere".

Izenekin batera makina bat pasarte eta istorio bitxi batu dute. Argi utzi gura izan dute ahoz aho transmititutakoa jaso dutela liburuan, ez dutela egin artxibo lanik. Jasotakoen artean Fandapusketa kobazuloarena nabarmendu gura izan du Madinabeitiak: "Juan de Gipuzkueta famatu egin zen Araba aldean ganadua lapurtzen zuelako, kobazuloan akabatu eta zatitu, eta gero, Gipuzkoan saldu okela. Horregatik, Juan de Gipuzkuetaren kobazuloa izena jarri zioten. Urteek aurrera egin ahala, baina, eraldatzen joan da eta gaur egun Fandapusketa du izena". Basobaltz inguruan dagoen zuloa benetan polita dela gaineratu du: "Baina ez da samurra hura topatzea".

Toponimoak liburuan jaso dituztenean ez dute idazkera ofizialaren alde egin: "Zalantza handia izan dugu, baina ez zaigu egokia iruditu batuan jasotzea. Esaten den moduan ezagutzera eman behar dugulakoan gaude; hala, tokiak identifikatzea ere samurragoa izango da, Kabarrixa edo Karebarriaga esan askorendako ez delako iguala". Gaineratu dute Udala badabilela izenak ofizialdu nahian.

Azkena, otsailaren 19an

Ibilbideak zehaztu ahala ibilaldiak antolatu izan ditu Loramendik eta herritar asko joan izan da horiek ezagutzera. Liburuan jasotako hamaika eginda daude: "Hamabigarrena geratzen zaigu egiteko. Kortaburu aldera joango gara; Urkuluko presatik Zubillaga aldera, Gorordora igo eta Urrexolagaraitik buelta. Otsailaren 19an izango da hori", adierazi dute, eta gaineratu: "Horrekin amaiera emango diogu etapa honi, eta ondoren, hausnartu egin beharko dugu Toponimia taldeak zein bide jarraitu behar duen".

Aurretik, zozketa

Atxabalta ezauketan dozulakoan? leloarekin herriko hamabost dendatako erakusleihoetan hainbat argazki jarri dituzte liburuaren berri emateko, eta otsailaren 4a arte egongo dira ikusgai: "Denak ikustera gonbidatzen ditugu herritarrak eta gure herriko dendetatik txango bat egin". Gainera, lau liburu zozketatuko dituzte. Horretarako, denda horietako batean erosketa bat egin beharko da eta erosketa-txartelaren atzealdean hamabost denden izenak idatzi; Arkupen egongo den kaxan sartuko da gero txartel hori. Aurkezpen egunean emango dute liburuen irabazleen berri.

Liburuan jasotako batzuk

Ibilbideak:

  1. • Aretxabaleta herrigunea.
  2. • Usitte, Galartza, Apotzaetxebarri.
  3. • Arkaraso, Arientza, Korueta.
  4. • Azatza, Larriñu, Bedoña.
  5. • Ikazkinak, Basolanak.
  6. • Kurtzebarriko haitzak.
  7. • Oro auzoa.
  8. • Errekan behera, urak pilatuz.
  9. • Urak eramandakoak, Urkulu.
  10. • Ugastei auzoa.
  11. • Degurixa eta inguruak.
  12. • Kortaburu, borobilak mendian.

Toponimo batzuk:

  • • Troskie: ur kareduna duen iturria.
  • • Estradie: lehengo bidea.
  • • Emaldixe: emankorra den lursaila.
  • • Oxiñeta: lihoa beratzeko putzua zegoen lekua.
  • • Zumaduixe: zumea – saskiak egiteko erabilia– landatzen zen eremua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak