Gida, zainketak denboraz planifikatzen laguntzeko

Mirari Altube Arrese 2023ko aza. 24a, 13:30

Zuk jakitea nahi dut... gidaren berri eman zuten atzo Gipuzkoako Gizartean Esku-hartzeko Etika Batzordeak, Foru Aldundiak eta Udalak. Horren helburua da zaintzaren inguruan hitz egiten hastea, behar hori iristean norberaren nahiak errespetatuak izan daitezen eta 50 lagun baino gehiago elkartu ziren.

Pandemia sasoian abiatutako hausnarketa baten emaitza da Zuk jakitea nahi dut… gida. Gizartean Esku-hartzeko Etika Batzordeak, Foru Aldundiarekin lankidetzan, egin du, eta helburua da zainketak errespetuz planifikatzen laguntzea.

Gaia "normalizatzea"

Etika Batzordeko kide den Olaia Arana oreretarrak aurkeztu zuen hori Arkupen, eta haren esanetan, zaintzaren gaia mahai gainean jarri behar da horien beharretatik libre ez dagoelako inor: "Argi dago gure bizitzako uneren batean beharko ditugula. Eta horien beharra iritsi aurretik aproposa izango litzateke hausnarketa eginda izatea eta etxekoen aurrean adierazita, zer eta nola jaso nahi ditugun, esaterako". Samurra ez dela onartuta ere, beldurra kendu eta normalizatzea gomendatu du; hala, pertsonak "bere bizitzaren burujabe eta protagonista izaten jarraitu" ahal izango du gaixotasun edo mendekotasun unea iristean ere. "Eta hori autozaintza ere bada, norberaren zaintzari aurrea hartu eta denboraz arduratzea".

"Eraldaketarako pausoa"

Udaleko Ongizate Sailak bideratu zuen hitzaldia, eta Nerea Zubillaga zinegotziak adierazi du tresna interesgarria eta baliagarria dela gida: "Askotan, pertsona izaten da zaindua haren nahiak kontuan izan gabe, eta hau da tresna bat adostasun batera iristeko zaintzailea eta zaindua. Gaur egun dauzkagun zaintza eredu batzuk eraldatzen hasteko pausoa ere bada". Gaineratu du gaur egungo ereduek, erakundeetatik sustatutakoek, ez dituztela pertsonen nahiak errespetatzen. "Horregatik tokian tokiko zaintzek garrantzi handiagoa hartzen dute, eta Udalak, gertuen dagoen erakunde publikoa izanik, zeregin berezia du".

Zaintza erronka handia da?

Olaia Arana (Etika batzordeko kidea): "Zaintzari dagokion lekua eman behar zaio"

"Bai; gure gizartea, gainera, Europako zaharrena da eta 2030ean %30 izango gara 65 urtetik gorakoak. Joan den astean, esaterako, horren gaineko kongresua egin zen, eta datorrenean, greba dago deituta. Zaintzari dagokion lekua eman behar zaio. Beti egon izan dira emakumeen kargu; ez zaie baliorik eman, ezta behar bezalako aitortzarik egin ere; isilpean egindako lana izan da. Dokumentu hau da beste pauso bat zaintzari emateko dagokion lekua eta garrantzia".

Nerea Zubillaga (Udaleko Ongizate Saileko zinegotzia): "Ardura ez dago era justu eta parekidean banatuta"

"Bai, eta erakunde zein norbanako guztiok dugu erantzukizuna erronka horren aurrean. Zaintzaren ardura ez dago era parekide eta justuan banatuta: emakumeek hartzen dute pisu handiena eta pertsona migratuak dabiltza baldintza ez duinetan; eremu formaletan dihardutenak ere langile prekarizatuak dira. Horregatik, tresna garrantzitsua izango da greba orokor feminista, zaintza erdigunean jartzeko eta kontzientzia hartzeko, hori guztiori lantzeko dagoelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak