2001etik gaur egunera arteko prezipitazioen berri eman du Euskalmetek, eta Urkulun dago Debagoieneko bost estazio meteorologikoetako bat. Bada, hor erregistratutako datuak aintzat hartuta, ondorioztatu daiteke urte lehorra izaten ari dela 2023a; urrira bitartera arte, behintzat. Are gehiago, bi hilabeteren faltan, 2001etik inoizko lehorrena izan da, 683 euri litro pilatu baitira metro karratuko; eta, are nabarmenagoa da abuztuko datua, 7,3 litro pilatu baitziren eremu berdinean.
Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Debagoieneko antolaketa burua da Aitor Irizar, eta jakinarazi du euriteek eragina dutela Urkulun. "Zuzena, gainera. Gero eta euri gehiago egin, orduan eta ur gehiago sartzen da urtegian; era horretan, maila altuagoa erdietsi dezake". Hala ere, ez da aski euria egun batean egitea. "Euria urtean zehar nola banatzen den ere garrantzitsua da. Egun batean guztia botaz gero, urtegia, beharbada, ez da dena jasotzeko kapaz izango". Are gehiago, azpimarratu du urtegian bertan egiten duen prezipitazioez harago begiratu beharra dagoela. "Urkulura datozen errekek jasotzen dutena gogoan izan behar da. Mendian gora hainbat hektareatan jasotzen dute ura, euri gehiago egiten duen lekuetan".
Hain justu, Urbaltz iturbegia, Arbeko –Ugastegi ingurua– erreka eta Eskoriatzako Bolibar auzotik datorrena dira Urkuluren ur emaririk handienak. Hala ere, prezipitazio motaren arabera, ez dute jario bera izaten. Adibidez, Kurtzebarri mendiaren inguruan elurra egiten duenean, sarrera "indartsuagoa" da. "Elur kasuetan emaria ere poliki-poliki botatzen du".
2018tik, euri gutxiago
2023a ez ezik, 2022a ere ez da euritsua izan, eta hori berresten du Euskalmetek urtero egiten duen txosten meteorologikoak ere. Hain justu, hor jasotakoaren arabera, iaz pilatutako prezipitazioen arabera, "oro har, urte lehorra" izan zen iazkoa. "Kopuru handienak Gipuzkoako ipar-ekialdean jaso ziren, kostaldea barne, bereziki Nafarroarekin muga egiten duen mendi inguruetan. Mendebalderantz eta hegoalderantz mugatuz gero pilatutako prezipitazioa asko txikitzen da". Bada, eremu horretan da Debagoiena.
Hala ere, ez da azken bi urtetako egoera soilik, 2018tik beheranzkoa izaten ari baita prezipitazioen kopurua.
Tenperaturei so
Prezipitazioak ez ezik, Urkuluko estazio meteorologikoak –Debagoieneko beste lauen moduan– tenperaturak ere erregistratzen ditu, eta arreta batez ere azken lau urteetan jarrita, antzeman daitekeena da 2001etik 2023ra bitarteko bataz besteko tenperaturatik gora daudela zenbait hilabete. Alabaina, 2022a da nabarmenena. Are gehiago, Urkulun, hogeita bat urteko epean, iaz erregistratu zen tenperatura altuena: uztailean, 41,2 gradu egin zituen egun batean.
Bada, datuetan jasotakoa berresten du Euskalmetek ere. 2022ari dagokionez, esate baterako, meteorologia agentziaren arabera, "urte erabat lehorra" izan zen, batik bat maiatzetik aurrera "ezohiko beroa" egin zuelako. Kasu honetan, Urkulun erregistratutako tenperaturak aintzat hartuta: maiatzean, 16,2 gradu egin zituen bataz beste, 2001-2023 aldikoa baino 2,31 gehiago; ekainean, 18,6 (+1,23); uztailean, 20,6 (+1,65); abuztuan, 21,4 (+2,11); eta, irailean, 17,7 (+0,53). Hala ere, urria izan zen nabarmena: 18,4 gradu izan zen bataz bestekoa, hogeita bat urteko aldikoarekin alderatuta, 3,85 puntu gehiago,.
Datu horien arabera, badirudi uda luzatzen ari dela, eta dagoeneko ez dela irailaren 21ean amaitzen; baizik eta, urrian. Geroz eta beroagoak ari dira izaten, gainera.