Gipuzkoako Ur Kontsortzioak egunero eguneratzen du lurraldeko urtegietako betetze mailaren zenbatekoa, eta, gaur-gaurkoz, %51,89koa da Urkulukoa; hain justu, iaz, aldi berean, %61,45ekoa zen eta, 2021ean, %65,91koa. "Lehorra izan zen aurreko negua, eta aurten euri gutxi egin du; beraz, maila baxuarekin jarraitzen du urtegiak. Egoera ez da normala", adierazi du Aitor Irizar Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Debagoieneko antolaketa buruak. Alabaina, ez da zenbateko hori erregistratu den lehen aldia, harago baitago minimo historikoa.
Irizarrek emandako informazioaren arabera, Urkuluko minimo historikoa 1995eko abenduan erregistratu zen. "%47 inguru gelditu zen une batean. Negu horretan ez zen batere bete; halere, azkenean, 1996ko abenduan, bai". Aurten ere zenbateko horretatik gertu izan da betetze maila, %49,3koa erregistratu baitzen urriaren 25ean. Horrez gain, erantsi du 1989, 1990 eta 1991 urteetan ere "lehorte luze bat" izan zela eta urtegia "ia urte osoan baxu" egon zela. Beraz, aurtengo martxotik urrira jaso diren minimoak, historikoak ez direla azpimarratu du Debagoieneko antolaketa buruak, baizik eta egun zehatzetako absolutuak.
Irizarren arabera, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak "minutu oro" neurtzen du Urkuluko betetze maila, eta eurena da egiten den neurketa bakarra. Alabaina, Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak ere urtegiaren inguruko informazioa ematen du, datuak borobilduta. Bada, horren zehatzak ez izan arren, balio dezakete ondorio batzuk ateratzeko.
2022 eta 2023ko astez asteko datuei erreparatuz gero, esate baterako, ondorioztatu daitekeena da iazko urtarrilaren 4an betetze maila maximoan –edo gertu, datua borobilduta baitago– zegoela Urkulun, baina poliki-poliki beherantz egin du. Iazko azaroan %60 inguruan zegoen betetze maila, baina neguko euri eta elurrekin batera, puntu bat gora egin zuen urtarrilaren hasieran; alabaina, ez dio egoerari eutsi, udaran sartzearekin bat beherantz egin baitu zenbatekoak, duen gaitasunaren erdira iritsi arte.
Betetze mailaren arabera, lau maila bereizten dira: normala, aurre alerta, alerta eta larrialdia, eta, momentu honetan, larrialdian dago Urkulu. "Oraindik urtegiaren %50 gelditzen da, baina ura badago". Baldintzek berdin jarraituz gero, aurreratu du udara arteko ura egongo litzatekeela, baina jakinarazi du neurriak hartuko dituztela, ez duen arren nabarmendu zeintzuk izango diren. "Mozketarik, behintzat, ez da aurreikusten. Aspaldi da horrelako neurririk ez dela hartzen".
Urtez urte aldaketa
Irizarrek azaldu duenez, normalean, martxoa eta apirila dira urtegia betetzeko hilabeterik ohikoenak; aldiz, azaroa eta abendua, gutxien. Hala ere, joerak ez dira urtero berdinak izaten. "Ez da matematikoa, baina, gehienetan, horrela izaten da". Are gehiago, beste urtegietan ere egoera ez da berbera izaten urtero.
Gaur-gaurkoz, Urkulu Gipuzkoako gainontzeko urtegiekin alderatuta, betetze maila baxuena duena da. Hala ere, izan zitekeen beste bat, Irizarren hitzetan. "Hemen inguruan euri gutxiago egin du aurten eta iaz. Beste urte batzuetan, Ibiur (Baliarrain), adibidez, baxuago egon da, eta Urkuluk maila ona izan du. Baina aurten horrela gertatu da. Ez da joera orokortu bat".
Bada, Ibai-Eder (Azpeitia), Ibiur eta Urkulu urtegietako 2022ko eta 2023ko astez asteko datuei erreparatuz gero, Irizarrek esandakoa berretsi daiteke; joera orokortu bat ez dagoela, alegia.