Irati Lete pauso berriak ematen Kurtzebarri eskolan

Mirari Altube Arrese 2023ko aza. 10a, 18:30

Atzegi eta Gureak erakundeek sortutako Pauso Berriak programari esker, Irati Lete Castro gazte aretxabaletarra Kurtzebarri eskolan dabil lanean; haren zeregina da, besteak beste, bertako bi jantokiak prestatzea egunero, ikasleek bazkal dezaten.

Desgaitasun intelektuala duten pertsonak lan munduan sartzen laguntzen du Pauso Berriak programak. 2010az geroztik da abian, eta Atzegi eta Gureak erakundeek kudeatzen dute. Eta hain zuzen programa horri esker, Irati Lete Castro (Aretxabaleta, 2002) Kurtzebarri eskolan hasi berri da lanean.

Egunero, lau orduz

Lan mundura murgiltzeko prozesu horretan "bakoitzaren gaitasunen araberako programak zehazten dira", eta Leteren kasuan Kurtzebarri eskolara jo zuten. Proposamenari hasieratik eman ziotela baietza azaldu du Iker Elexpuru zuzendariak: "Iratiren kasua azaltzeko etorri ziren guregana. Hasieratik iruditu zitzaigun oso ideia polita. Izan ere, gure ikaslea izandakoa da eta ezagutzen dugu. Gainera, eskolaren proiektuarekin bat dator egitasmoa".

Hortik abiatuta, gaztearen profilarekin ondo egokituko ziren zereginak diseinatu zituzten aholkulariekin. Eta irailaren 18an, ikasturte hasierarekin batera, lanean hasi zen. "Horretarako, hona etorri ziren egitasmoaren ardura duten teknikariak azalpenak bertatik bertara emateko, Iratiren eginbeharrak zehazteko eta gure jarrera zein izan beharko litzatekeen argitzeko". Ordutik, hilabete baino gehiago pasatu da, eta oso gustura daudela adierazi du: "Gu pozik eta Irati bera ere hala ikusten dugu".

Egunero lau orduz izaten da eskolan, 11:00etatik 15:00etara bitartean: "Bi jantoki ditugu; bata ume txikiena, eta bestea Lehen Hezkuntzako ikasleena. Bietan egoten da; lehenengo, nagusienen jantokia gertatzen laguntzen dio hango arduradunari. Eta gero Haur Hezkuntzako ikasleekin egoten da: haien bila joan jantokira ekartzeko, bazkaltzen lagundu, jolastokira eraman… Birziklatzeko hondakinak ere ateratzen ditu. Eta bukatzeko, tarte bat izaten du lankideekin bazkaltzeko". Eroso eta lasai dabilela gaineratu du Elexpuruk: "Egokitzapen bat egin da hasieran, Pauso Berriakeko laguntzailearekin, eta oso ondo moldatu denez laneratzeko urratsak bizkorrago eman dira. Izan ere, etxean dagoela ikusi dugu, oso eroso".

Irati Lete jangelan lan egiten duten kideekin eta Pauso Berriak programako laguntzailearekin –eskumatik bigarrena–.

Egitasmoaren garrantzia

Halako egitasmoen garrantzia azpimarratu du eskolako zuzendariak: "Ezinbestekoak dira. Aberasgarria da guretzat, eredu bat delako, eta aberasgarria da ikasleentzat, ikus dezaten aniztasun horren baitan guztiok dugula tokia ingurune honetan eta gizarte honetan. Eta sinistuta gaude guk gehiago dugula ikasteko, emateko baino".

Irati Lete Castro

Hainbat aste daramatza Kurtzebarrin eta ezin gusturago dago. Jangela inguruan egiten du lan, egunero, eguerdi partean.

Zeintzuk dira zure eginbeharrak?

Jangelako lanetan laguntzen dut: mahaia prestatu, umeak jantokira ekarri, zaborra sailkatu eta bota… Bi jantoki ditugu, eta txikian Arantzazuri laguntzen diot umeekin. Gero, jolastokira joaten naiz haiekin.

Pozik zabiltza lanean?

Bai, oso pozik. Bertako ikaslea izandakoa naiz eta berriro hemen, pozik; lehengusuen eta ingurukoen babesa dut, gainera. Urte guztia egongo naiz, hortaz, ezin gusturago nago.

Zer da gustukoen duzuna?

Irakasleekin eta hemengo lagunekin egotea, bereziki. Eta bertan egiten dudan guztia ere bai, gauza asko egiten ditugu eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak