Kuarteleko musikariak herria girotzeko gertu

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 6a, 14:23

Kuartela herrira! izena jarri diote ekimenari, eta helburua da aretxabaletarrei erakustea zeintzuk eta zertarako batzen diren eraikin horretan; hamahiru sortzailek kontzertuak eskainiko dituzte hiru zapatutan, herriko hainbat gunetan.

Azken urteotan herriko musikarien eta dantzarien topagunea da guardia zibilena izandako eraikina, eta han sortzen denaren berri emateko festa antolatu dute Kuartela kultur elkarteko kideek, hirugarrenez –lehenengoa Kuartel zaharra sekula baino gazteago! izan zen 2019an, eta bigarrena, Kuartela Fest, 2022an–. Kuartela herrira! leloa jarri diote oraingoan, eta taldeek kalean eskainiko dituzte emanaldiak urriko hiru zapatutako arratsaldetan: 14, 21 eta 28.

Hamahiru talde

"Iaz Kuartela Fest izenarekin kuartelean egin genuen jaia eta herritarrak bertara gonbidatu genituen. Oraingoan, geu joango gara haiengana eta herriko gune ezberdinetan joko dugu, ikus dezaten eraikin honetan zer sukaldatzen den", azaldu du Nhil taldeko Aitor Ruiz de Austrik.

Kuartelean batzen dira 25 bat talde eta bakarlari, ehun lagunetik gora; gehienak dira musikaren bueltakoak, eta Jaiki dantza taldea ere badago. "Horietako asko agertu ziren kontzertuak emateko gertu, eta horregatik, egun bakarrean beharrean hirutan banatuko ditugu emanaldiak".

Urriaren 14an ekingo diote jaialdiari eta "egunik garrantzitsuena" ere izango da. Bazkaltzeko elkartuko dira kuartelean bertan, eta lehen emanaldia ere hantxe izango da Jo ta Be bikotearen eskutik. Bazkaltzeko txartelak Urbaltz tabernan dituzte salgai edonorendako, eta eskuratzeko azken eguna urriaren 8a izango da.

Askotariko musika estiloek egingo dute bat kaleetan: "Bakarlariak, taldeak eta DJak egongo dira, hasiberriak eta eskarmentua dutenak, estilo ezberdinak… Herritarren gehiengoaren gustuak asetzea espero dugu".

Egitaraua

Urriak 14

  • Bazkaria Kuartelean –txartelak Urbaltz tabernan dituzte salgai, urriaren 8a arte–.
  • Kontzertuak: Jo ta Be, kuartelean eta Kaparrak, Los del Garaje, Youth United eta DJ Karapaixo; erdiguneko tabernatan.

Urriak 21

  • Kontzertuak: Orei, Berandu baino lehen eta Hiru leño; Portasolen.

Urriak 28

  • Diskoaren aurkezpena; Mitarte kalean.
  • Kontzertuak: Bixentak, Txerrikumeak, Eten eta BRGS & Margu Mission; Mitarte kalean.

Diskoaren salmenta

Helburu berarekin Kuartela izeneko diskoa argitaratu berri dute irailean. Kuarteleko talde eta bakarlarien hamazortzi kantu eta dantza bat jaso dituzte hor, eta sanmigeletan jarri salgai, kamisetarekin batera. Pozik agertu dira egindako harrera beroarekin: "Diskoak zein kamisetak 100dik gora saldu genituen aste bukaeran bertan. Ez genuen halako erantzunik espero, eta eskertuta gaude". Disko hori urriaren 28an aurkeztuko dute, Mitarte kalean.

Elkarrizketa: Beñat Abasolo Mujika

"Leku kuttuna da guretako, eta ez dugu hemendik alde egin gura"

Orain dela lau urte inguru sortu zuten Kuartela kultur elkartea eta gaur egungo presidentea da Abasolo.

Zein da Kuartelaren dinamika?

Ehun lagunetik gora batzen dituen kultur elkarte bat gara. Zuzendaritza batzordea dugu osatuta, baina edonork parte har dezake.

Eta zelan funtzionatzen duzue?

Barne araudi bat dugu zehaztuta funtzionamendu egokirako. Hala ere, Udalarekin hartu-emanean gaude, eta zerbait formalagoa adostea litzateke asmoa.

25 bat talde zaudete, badago guztiondako lekua?

Egia esan, nahiko beteta dago eta gelak partekatu egiten ditugu hainbat talderen artean. Dena den, ateak ez dizkiogu inori ixten, eta ongi etorria da edozein sortzaile; horretarako ez dugu aparteko baldintzarik jartzen.

Eraikinaren egoera zein da?

Ona ez da; ez dute honen aldeko apustu garbirik egin oraingoz. Leku kuttuna da guretako, eta bertako erabiltzaileok ez dugu hemendik alde egin gura.

Kuartela herrira! ekimenarekin zer erakutsi gura duzue?

Kultura edo kontrakultura harrobi polita dagoela eraikin honetan eta bultzatu egin behar dela. Herria girotu gura dugu, herriaren eta Udalaren erantzuna bueltan jaso nahian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak