Kuarteleko sortzaileen lana diskoan batuta

Mirari Altube Arrese 2023ko ira. 22a, 18:10
Peio Uribetxebarria, Iker Martinez de Agirre eta Josu Irure diskoarekin eta kamisetekin, kuartelaren aurrealdean.

Herriko hamazortzi talderen abestiak eta dantza bat jaso dituzte 'Kuartela' diskoan eta sanmigeletan jarriko dute salgai kamisetarekin batera; izen bereko eraikinean egiten den lana erakutsi gura izan dute horrekin.

Kuartela diskoa argia ikusteko gertu dago. Izen bereko eraikinean elkartzen diren hemeretzi musika eta dantza taldek prestatu dute eta hamazortzi abesti eta dantza bat –Youtuben ikus daitekeena– jaso dituzte hor. Sanmigeletan jarriko dute salgai, kamisetarekin batera.

Herriari erakustea helburu

Kuartela elkarteko zuzendaritza batzordeko kide dira Peio Uribetxebarria, Iker Martinez de Agirre eta Josu Irure eta diskoaren helburua kuartel barruan egiten dena erakustea izan dela diote: "Herriarengana hurbiltzeko tresna aproposa izan zitekeela pentsatu genuen; herriak ikus dezan zeintzuk elkartzen garen bertan eta zer egiten dugun eraikin honen barruan. Era berean, erakundeei ere erakutsi gura diegu ez gaudela lau nota jotzen eta garagardoak edaten; badagoela sorkuntza eta mugimendua. Horrela kontura daitezen eraikinaren aldeko apustua egin behar dela". 2022an egindako asanbladan diskoaren ideiarekin aurrera egitea erabaki zuten eta parte hartzeko gonbidapena egin zieten talde guztiei.

Askotariko estiloak

Gaur egun 25 talde inguru –100 lagun baino gehiago– elkartzen dira kuartelean eta diskoan hemeretzik hartu dute parte: "Gaiteroetatik hasi eta heavy astunerainoko doinuak jaso dira, askotariko estiloak: rock-androlla, rantxerak, teknoa... Horrek erakusten du hemen barruan dagoen dibertsitatea eta dugun gaitasuna". Abesti asko kuartelean bertan grabatu dituzte, Asel Errasti aretxabaletarrak duen estudioan: "Norberak aurretik grabatutako kantua aurkez zitekeen diskorako edo bestela bertan grabatu; eta hamar bat grabatu dira hemen. Horregatik, eskerrak eman beharrean gaude Asel Errastiri ordu asko sartu dituelako". Diskoaren diseinua ere bertako kideek egin dute Ainhoa Sanchezek eta Beñat Abasolok, hain zuzen ere. "Ahal den guztia geuk egin gura izan dugu; nahastu, masterizatu eta fabrikatu bakarrik egin da kanpoan, horretarako baliabiderik ez dugulako", adierazi dute.

Hona hemen parte hartu duten taldeak eta horien abestiak:

Bixentak: Imbecil man.
Eten: Zalantzetan.
Iluminatizz: Zeren bila.
Joe Pieman: Path of life.
Iñaki Sagasta: Malkoaren melodia.
Jasan: Piztiarena.
Criminal Remains: Iraganeko mamuak.
Zerendepya: Mugak.
Dear Flakutxo: Rock king man.
Jaiki (dantza taldea): Herrixan erosi.
Los Del Garaje: Nubes grises.
Oihu!: Berreskura ezin.
Screamers and Sinners: Dancing, fighting, loving.
Nhil: Itzal izan arte.
Trigger: Bathirubatbi.
Orei: Orei.
Txerrikumeak: Bide berrien bila.
Wood Strings: Azkenaldi honetan.
Atxabaltako gaiteruak: Itzurun.

Diskoaren kontrazala eta azala.

Salgai sanmigeletan

Sanmigeletan jarriko dute salgai: Kaparrak taldearen kontzertuan, kantu-afarian eta azokan izango dira. Diskoa eta kamiseta 20 eurotan salduko dute; diskoa bakarrik 10 eurotan eta kamiseta 15 eurotan. Zapatuko azokan, gainera, Kuartela elkarteko hainbat talderen materiala ere izango dute salgai.

Urrian, ostera, Kuartela herrira zabaltzeko ekimenarekin jarraituko dute eta kontzertuak eskainiko dituzte hilaren 14an, 21ean eta 28an, herriko hainbat gunetan. "Hilaren 14an bazkaria egingo dugu eta txartelak domeka honetan jarriko ditugu salgai. 28an, ostera, diskoaren aurkezpena izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak