Ikusteko zegoen Euskal Herri mailako lehen tomate txapelketak zer nolako erantzuna izango zuen eta "sorpresa atsegina" izan dela adierazi dute antolatzaileek. "Une honetan bakarrik Nafarroan egiten da antzinako tomate lehiaketa. Joan zen zapatuan egin zuten eta hamabost ekoizle eta 32 barietate izan zituzten, baina zazpigarren edizioa zuten", azaldu du gaur eguerdian egindako aurkezpenean Deba Garaia Landa Garapena elkarteko teknikari Agurtzane Diazek. "Hemen, Euskal Herri mailakoa deitu genuen eta lehen edizioan hemezortzi ekoizle eta 33 barietate izango ditugu. Pozik egoteko moduan gaudela uste dut. Lehen urterako erantzun polita da. Espero dugu egonkortzen joatea".
Txapelketa domekan jokatuko da Aretxabaletan egitekoa den tomatearen azokaren barruan. Ekoizleen jatorriari dagokionean hamabi dira gipuzkoarrak –Debagoienekoak zazpi–, hiru bizkaitarrak, bi nafarrak eta bat arabarra. Epaimahaia sei lagunek osatuko dute: Josema Azpeitiak, Carlos Larreak, Urkidi Salaberriak, Aitzol Zugastik, Fede Pachak eta Mikel Zeberiok.
Azoka betea, domekan
Domekako azokak bestelako osagaiak ere izango ditu, ordea. Azoka 10:00etan zabalduko dute eta hogei bat ekoizlek osatuko dute, gehienak eskualdekoak. Gazta, eztia eta barazkiak eskainiko dituzte, besteak beste.
Aretxabaletako azokak bere lekua egin du urte hauetan guztietan ekoizleen eta erosleen agendetan. Debagoieneko erakundeek eta Aretxabaletako Udalak antolatzen dute tomatearen azoka eta aurtengoa zazpigarren edizioa izango da. Gaur egin dute azokaren aurkezpena eta bertan izan dira Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotzi Ibai Zangitu, Aretxabaletako Udaleko Kultura teknikari Inma Miguel, Deba Garaia Landa Garapena elkarteko teknikari Agurtzane Diaz, Debagoieneko Mankomunitateko Turismo teknikari Maider Etxaniz, Aretxabaletako tomatearen ekoizle diren Koldo Zubizarreta eta David Agirre eta Akategi-Exprex tabernako Emiliano Ferrero Leon.
Azaldu dute hainbat osagaik osatuko dutela azoka eguna. Antzinako tomate barietateen erakusketa izango da horietako bat. Erakusleetako bat Koldo Zubizarreta aretxabaletarra izango da. "Bi barietate izango ditut; batak ehun urtetik gora ditu eta besteak 50 bat urte", azaldu du. Aurtengo uztari buruz galdetuta hala esan du: "Nik produkzio ona atera dut eta oso arraroa da baina oso azkar heldu zait. Aretxabaletako tomateak badu ezaugarri hori; beste batzuk baino lehenago heltzen dela". Beste ekoizle batzuek zailtasun handiagoak izan dituzte aurten. Tomatearendako "hezetasun handia eta argi gutxi" izan direla esan dute.
Haziak erauzteko tailerra eta sukaldaritza tailerra ere egingo dituzte domekako azokan. Tomate deigarrienaren lehiaketa –orain arte tomate itsusiarena egiten zuten– ere jokatuko da. Herri bozketaz aukeratuko da saritua eta Debagoieneko edonork izango du parte hartzeko aukera. Nahikoa da tomateak egunean bertan –10.00ak eta 12:00ak artean– aurkeztuta.
Pintxoak eta erakusketa
Domekako azoka eguna heldu bitartean zabalik da Arkupen Aretxabaletako tomatearen sorreraren eta ibilbidearen inguruan Marta Barba Gossek sinatzen duen erakusketa. Iraila osoan egongo da ikusgai.
Bestetik, gaurtik pintxo ibilbidea egiteko aukera eskaintzen dute herriko sei ostatuk. Taberna Berri, Iosu, Aretz, Gurea, Akategi-Exprex eta Hirusta dira. Tomatea oinarri duten pintxoak eskaintzen dituzte.
Udazkeneko azokak
Udazkena azoka sasoia izaten da eta Debagoienean egingo dira gehiago ere hurrengo asteetan.
- Irailak 9, San Martin azoka Bergaran.
- Irailak 16, Arrasateko hileroko azoka.
- Irailak 23, Elgetako baserritarren eta artisauen azoka.
- Irailak 30, Oñatiko Herri Eguneko azoka.
- Irailak 30, Aretxabaletako sanmigeletako azoka.
- Urriak 28, Aramaion Erretiratuen Eguneko azoka