Gipuzkoako Ur Kontsorzioak emandako datuen arabera, %58,35eko betetze maila du urtegiak abuztuaren 10ean, eta euri faltan, larrialdi egoeran jarraitzen du, Urkuluren kasuan, betetze maila %65 baino baxuagoa denean ezartzen baita. Momentuko errealitatea datu historikoekin alderatuz gero ere, data berdina kontuan hartuta, orain dela urtebete %80,70ekoa zen Urkuluren betetze maila; sasoi berdineko datua guztiz bestelakoa da urtebeteko epean.
Urkuluko urtegia, beraz, minimoetan dago, eta Aitor Irizar Gipuzkoako Ur Kontsorzioko Debagoieneko antolaketa buruak nabarmendu du "inoiz ez dela ezagutu data hauetan horrelako maila baxurik". Haren arabera, aurten, gehienez ere, %70 betetzera bakarrik heldu da Urkuluko urtegia, eta 2022ko urtarrilaz geroztik oso euri gutxi egin izana azaldu du arrazoitzat. Zaparradak bota dituen arren, euriteetan ez da batere igo Urkuluko uraren maila, puntualak izan direlako eta urtegiak duen dimentsioarekin, ur asko beharko lukeelako betetzeko.
Tamaina eta geologia
Hain justu, Gipuzkoako bigarren urtegirik handiena da Urkulukoa, eta ez da hain erraz betetzen. 10.000.000 metro kubikoko kapazitatea du, eta 65.495 herritar urez hornitzearen arduradunetako bat da. Beraz, txikiagoak diren urtegiak baino denbora eta euri kantitate gehiago behar du betetzeko, baina ez soilik tamainarengatik, baita duen geologiarengatik ere. Ura jasotzen duen eremuak ur asko behar baitu eta euria jarraikortasun batekin egitea.
Momentuz, 2024ko maiatzera arte hornitzen jarraitzeko gaitasuna du Urkuluk, baina Gipuzkoako Ur Kontsorzioko adituek argi dute euria ganoraz egitea beharrezkoa dela egoera aldatu dadin. Horrez gain, azpiegiturak interkonektatzea dute erronkatzat, urtegi batean ura falta bata, beste batetik hornitu ahal izateko.