Uztailaren 26an hasita etxerik etxe banatuko duten jai-egitarauaren berri eman zuten udal ordezkariek, hainbat eragilerekin batera, martitzenean; besteak beste, elkartu ziren txistularien, Aretxabaleta Abesbatzaren eta UDAren ordezkariak, baita aurtengo jaietan protagonista izango diren herritar batzuk ere. "Denbora gutxi daramagu lanean Udalean, baina egitarauari gure ukitutxoa ematen saiatu gara", adierazi zuen Kultura zinegotzi Ibai Zangituk. Hala, berritasun batzuk ere sartu dituzte; horien artean dago paella-bazkarirako izena aldez aurretik eman beharra. Eguazten arratsaldean ireki zuten epea horretarako Arkupen, eta eguen eguerdirako 100 bat leku bakarrik geratzen ziren 680tik.
Pregoia, Aretxarteren eskutik
Izaro Sanchez marrazkilari aretxabaletarraren irudi koloretsuak emango du aurten andramaixen berri, hark irabazi duelako kartel lehiaketa.
Egitarauan jaso duten agurra, ostera, alkatearena beharrean, Aretxarte merkatarien elkarteak idatzitakoa da; pregoia botako duenak, hain zuzen ere. Eta herritarrei dantzarako dei egin diete: "Herria dantzan ikusi gura dugu; zuek, herritarrok, zaretelako gure musika eta gure dantza, eta, orain arte moduan, zuek zaretelako herriko komertzioak bizirik eta dantzan mantentzen dituzuenak". Eskerrak emateko ere aprobetxatuko dute, eta komertzio txikien aldeko aldarria egin. "Merkataritzarik gabe herria hil egingo litzateke, eta, gainera, oso elkarte aktiboa da Aretxarte", azaldu zuen Zangituk.
Behar berezia duten umeak
Urteroko ekitaldiak izango dira nagusi: ikurrinari agurra, elizbira, Milagroko bandaren emanaldia eta kaleko ikuskizunak, besteak beste. Escape room karabana ere etorriko da, eta hilaren 14tik 17ra bitartean egongo da Kurtzebarri eskolako kantxan; erreserbak aurretik egin biharko dira, honako webgune honetan: www.lacaravanaescaperoom.com.
Abuztuaren 16an, azken urteetan legez, umeak izango dira protagonista, eta egunari hasiera emango dio Garazi Igartua alkate txikiaren pregoiak, Anje Errasti alkateorde txikia lagun duela. Behar bereziak dituzten umeak ere gogoan hartu dituzte aurten, Aretxabaleta "herri gero eta inklusiboagoa" izan dadin Udala egiten dabilen lanketaren harira. Hala, egun horretan bi orduz ez da musikarik jarriko barraketan (17:00-19:00), eta premia berezia dutenei ilaretan lehentasuna ematea eskatu dute udal ordezkariek.
Txirrindularitza eta pilota
Abuztuaren 16an kirolak ere zeresana izaten du. Egunari hasiera emango dio 83.ez egingo den txirrindulari lasterketak: "Estatuko zaharrenetakoa da, eta handia da gero horri eusten jarraitzea", zioen Agurtzane Elkorok, lasterketa antolatzen duen UDAko presidenteak. Profesionalen pilota partiduak ere izango dira egun horretan: Jaka eta Imaz Larrazabalen eta Mariezkurrena II.aren aurka lehiatuko dira. Aurretik, afizionatuen partida ere egongo da, eta UDAko Aritz Zugastik Markel Gartziarekin bikote eginda Ander Etxanizen eta Felix Conderen aurka jokatuko du. Horrez gain, abuztuaren 15ean, herriko pilotari gazteen arteko partidak izango dira.
Bola-txapelketak ere ez du hutsik egingo; arratsaldean, haurrek jardungo dute nor baino nor gehiago, eta gauean, helduek. Bolatokia, gainera, egunero egongo da zabalik jaiek iraun bitartean, 17:00etatik 20:00etara.
Askotariko musika emanaldiak
Aurtengo kontzertu izarrak nabarmendu zituen Zangituk: Liher eta JMartina Herriko Plazan eta Los Zopilotes Txirriaos txosnagunean. Zortzi urteko ibilbidea du Lide Hernando buru duen Donostiako Liher taldeak, eta rock doinuekin beteko ditu bazterrak hilaren 16an. JMartina, ostera, elektronika eta pop doinuekin etorriko da, Andra Mari egunean. Larrabetzuko (Bizkaia) eta Barañaingo (Nafarroa) hiru taldekidek osatzen dute eta jairik jai dabiltza azken urtean. Los Zopilotes Txirriaos nafarrek ez dute aurkezpenik behar Aretxabaletan, hainbat andramaixatan girotu dute-eta txosnagunea; azken urteotako hutsunea betetzera datoz bueltan.
Horiez gain, Broken Brothers Brass Band, Txita Sound System eta Rockalean taldeak ere izango dira kaleak girotzen, eta azken egunean mariatxi doinuak izango dira plazan.
Txosnagunean kontzertu asko
Atxabaltako Gazte Mugimenduak antolatu du txosnagunea, beste behin. Aldarrika oldarka! leloarekin dator aurtengoa, eta, egitaraua erabat itxita ez badute ere, ekitaldi askoren berri jaso dute Udalak banatuko duen egitarauan. Hilaren 13an ekingo diete jaiei eta bost egunetan ez da atseden hartzeko unerik egongo. Ohiko ekitaldiak errepikatuko dituzte eta horien artean daude gazte bazkaria, olinpiadak, elkartasun bazkaria eta kuadrillen arteko jolasak. Kontzertuei eta ikuskizunei dagokienez, herriko sortzaileek –Orei, Youth United, Txerrikumeak, Jasan, Xander, Virgin Mari, Upeide…– eta kanpotik etorritakoek –Los Zopilotes Txirriaos, Albina Stardust eta Divina Comedia, Muxutruk…– egingo dute bat oholtzan. Hilaren 17an, gainera, herriko hainbat musikari elkartuko dira Bizkardunak izenaren bueltan, Bizardunak taldearen kantuekin jai giroa sortzeko.
Abuztuaren 13tik 17ra bitartean antolatutako jaien aurrekontua 107.184 eurokoa da. Udal ordezkariek zein eragileek aretxabaletarrak gonbidatu dituzte andramaixetara.
Gune morea bi egunetan
Bestetik, Gune Morea bi egunetan jarriko dute: abuztuaren 14an eta 17an, plazan (19:00-22:00).
Eta indarkeria matxista kasuetarako arreta telefonoak egitarauan bertan zehaztu dituzte:
- Satevi: 900 840 111 (24 ordu). Etxeko indarkeriaren edo sexu- erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzua.
- Aretxabaletako txosnaguneko arreta telefonoa (24 ordu): 631 20 88 99.
Jaietarako protokolo bat izateko lanketa abiatu du Udalak, datorren urtekoei begira.
Protagonisten esanak
Igor Eskibel –Aretxarte merkatarien elkarteko kidea–:
"Pregoia botatzeko gertu gu! Ekintza askotan hartzen dugu parte urte osoan, herria bizirik mantentzeko jendeak kalean egon beharra duelako".
Garazi Igartua eta Anje Errasti –alkate txikia eta alkate-orde txikia–:
"Pozik gaude, baina urduri ere bai. Ondo pasatu gura dugu, eta horretara animatuko ditugu besteak ere, pregoia oraindik pentsatu gabe izan arren".
Izaro Sanchez –jaietako kartelaren egilea–:
Jaietako hainbat egoera irudikatu gura izan ditut, baita gure bazterrak jaso ere. Eta hori guztia batu dut LGTBI kolektiboaren koloreekin".
Egitaraua osorik
Abuztuak 13, domeka
- 11:00 Auzolana, txosnagunean.
- 18:00 Protokolo azalpena eta txosnagunearen irekiera.
- 19:30 Pregoia eta batukada herrikoia.
- 22:30 Kontzertuak, txosnagunean: Orei eta Youth United.
- 00:00 Karaokea, txosnagunean.
- Ostean, Karapaixo DJa, txosnagunean.
Abuztuak 14, astelehena
- 13:00 Marianito eta pintxada JMartini, txosnagunean.
- 14:30 Gazte bazkaria, txosnagunean. Ostean, Bingo musikatua.
- 16:00 Jai kanpaiak, Andramariei hasiera emateko.
- 16:00 XLII. Mus txapelketa, Herriko plazan. Urtero legez, garaikurrak, dirua eta txapelak banatuko dira irabazleen artean. Izena ematea: 20 € (15:30-15:55).
- 16:00 Ur puzgarriak, Arlutzeko kantxan. Bainujantzia jantzita ekartzea gomendatzen da
- 18:30 Poteo olinpikua, txosnagunetik abiatuta.
- 19:00 Ikurrinari agurra udaletxe aurrean, herriko jaiei hasiera ofiziala emateko, Aretxabaleta Abesbatzak eta Leizarra musika eskolako dantzariek lagunduta. Jarraian, pregoia eta txupinazoa. Bukatzeko, konfeti eta serpentina ikuskizuna.
- Jarraian, Barañaingo konpartsaren erraldoiak.
- 20:00 Salbea, Andra Mari elizan, Aretxabaleta Abesbatzak lagunduta.
- 20:30 Obaneuke musika taldearekin dantzaldia, Herriko plazan (20:30-21:30 eta 22:30etik aurrera).
- 22:00 Ekitaldia, txosnagunean. Ostean, kontzertuak: Txerrikumeak, Jasan eta Virgin Mari. Ondoren, pintxada kolektiboa.
Abuztuak 15, martitzena
- 10:00 Diana, herriko txistulariekin.
- 11:00 Pilota partiduak, herriko pilotari gazteen eskutik, Iturrigorri pilotalekuan.
- 11:00 Udalbatzarekin batera, Milagroko bandaren bisita zaharren egoitzara.
- 11:45 Elizbira.
- 12:00 Meza nagusia Andra Mari elizan. Elizkizunaren sarreran eta irteeran, txistulari bandak ohiko Alkate soinua joko du.
- 12:30 Haurrendako ikuskizuna, Herriko plazan Azkona Pailazoak taldearen eskutik.
- 13:30 Milagroko musika bandaren emanaldia, Durana kalean.
- 17:30 Oihal akrobazia musikatua, txosnagunean: Oholtza mediokreen apologia.
- 19:00 Broken Brothers Brass Band taldea, kalez kale.
- 22:30 JMartina taldearen kontzertua, Herriko plazan.
- 23:00 Drag Showa, txosnagunean: Albina Stardust eta Divina Comedia. Kontzertuak: Zetkin, Malko.
- 03:00 Galtzontzillo, kulero eta tanga lasterketa, txosnagunean. Jarraian, Loreontzi Sound System.
- 05:30 Zumba herrikoia.
Abuztuak 16, eguaztena
- 10:00 Leintz bailarako 83. txirrindulari lasterketa. 23 urtetik beherako eliteko txirrindularien lasterketa.
- 11:00-13:00 Herri kirolak haurrentzat, Herriko plazan.
- 11:30 Alkate txikiak eta alkateorde txikiak pregoia irakurriko dute udaletxeko balkoian. Ondoren, japoniar bonben jaurtiketa.
- Ondoren, haurren eskutik buruhandiak, Herriko plazan.
- 13:00 Potxin eta Patxin pailazoak, Herriko plazan.
- 13:00 Trikipoteoa, txosnagunean.
- 14:30 Elkartasun bazkaria. Ostean, kantaldia Upeide taldearekin.
- 16:30 Jolas parkea: Quad pista, Santa Fe trena, zezen mekanikoa eta puzgarriak, Herriko plazan.
- 17:00 Haurrentzako bola-txapelketa, bolatokian.
- 17:30 Pilota partiduak, Iturrigorri frontoian.
- 18:00 Txorotxaranga haurrentzat kale ikuskizuna, Kiliklon taldearekin.
- 18:00 Bertso-trama, Mitarteko plazan.
- 19:30 Alkate txikiaren eta alkateorde txikiaren agurra eta oparien zozketa.
- 20:00 Txita Sound System (TSS), Fresa Morango DJarekin kaleetan zehar.
- 21:30 Kontzertua, txosnagunean: Xander.
- 22:00 Liher taldearen kontzertua, Herriko plazan.
- 22:30 Bola-txapelketa, bolatokian.
- 23:00 Kontzertuak, txosnagunean: Los Zopilotes Txirriaos eta Amooma. Ostean, pintxada kolektiboa.
Abuztuak 17, eguena
- 11:00 Diana, herriko txistulariekin.
- Ondoren, sokamuturra, Durana kalean (debekatuta dago 16 urtetik beherakoek sokamuturrean parte hartzea. Adin horretako norbaiti ezbeharren bat gertatuz gero, Udalak ez luke erantzukizunik bere gain hartuko).
- 12:30 Alarma Morea taldearekin dantzaldia, Mitarte kalean.
- 14:30 Herri bazkaria, Herriko plazan: paella bukatu arte banatuko da eta norberak eroan beharko ditu ogia eta edaria. Herri bazkarian leku bat ziurtatzeko izena eman behar da. Izen-ematea: kuadrillak, uztailaren 19tik abuztuaren 7a arte, Arkupen. Plaza mugatuak.
- 15:30 Egur jolasak, Herriko plazan.
- Bazkalostean, kuadrillen arteko jolasak, Herriko plazan.
- 18:00 Sokamuturra.
- 18:00 Sokamuturraren alternatiba, txosnagunean: munduko dantzak eta janariak.
- 19:30 Herria gehien animatu duten kuadrillen artean sari banaketa, Herriko plazan.
- 19:45 Rockalean taldea, kaleetan zehar.
- 23:00 Tierra de mis amores mariatxi taldea, Herriko plazan.
- 23:00 Kontzertuak, txosnagunean: Bixentak, Bizkardunak, Muxutruk erromeria eta Kalimonstruo DJa.