Salma Ahmed: "Hassania ezinbestekoa da gure izaerari eusteko"

Mirari Altube Arrese 2023ko eka. 23a, 14:45

Salma Ahmed, Durana kalean.

Errioxan jaio eta Aretxabaletan bizi da 2012a ezkero gazte sahararra. Etxean ikasi du hassania hizkuntza, eta horri eustea du helburu, jakin arren samurra ez dela izango.

Salma eta Embarka Ahmed (2006) ahizpa bikien gurasoak, biak sahararrak, Espainian ezagutu ziren eta ezkondu. Errioxan jaio ziren gazteak, eta 5 urte inguru zituztela Aretxabaletara etorri. Amarekin bizi dira eta Arrasateko Institutuan batxilergoa ikasten dihardute. Hassania dute hizkuntza etxean, baina hori galduko ote duten kezka agertu du oraintsu Salmak, GOIENA aldizkarian argitaratutako gutun batean.

Kezka hori baduzu.

Etorkinek eta haien seme-alabek bizi duten egoera erakutsi gura nuen. Ez dut esan gura izan hassania ez didatenik erakutsi, baizik eta herrialdetik kanpo bizita eta beste hizkuntza asko erabilita egunerokoan, hemengo komunitatean egokitzeko ahalegin horretan, gurea galduaz doala. Eta horri eusteko laguntza behar dugu, berandu izan aurretik. Orokorrean, nerabe elebidunok bizi dugun egoera dela ere esango nuke.

Etxean hassania erabiltzen duzue?

Bai; amarekin beti. Hori bultzatu izan digu umetatik. Esaten digu gure herrialdetik urrun bizita eutsi egin behar diogula eta hura ez dela gurekin betiko egongo. Ahizpok, gure artean, hirurak nahasten ditugu: euskara, gaztelera eta hassania.

Eta zu ere iritzi berekoa zara.

Bai, uste dut saharar izaerari eusteko garrantzitsuak direla bai hizkuntza eta bai kultura. Umetan ez ginen konturatzen, baina orain badakit horiek direla nire izaeraren ardatzak. Eta, saharar herrialdearen egoera zein den jakinda, ezinbestean bultzatu behar dira.

Saharar komunitatea badago Debagoienean.

Bai, baina hemen bizi diren gazteek gaztelerara jotzen dute.

Saharan izan zarete sekula?

Birritan. Lehenengoz, 4 urterekin, eta gero, 12rekin. Azken bidaian hilabete pare bat egin genituen Tinduf inguruko errefuxiatuen kanpamendu batean.

Zelako esperientzia izan zen?

Hasieran, sekulako txokea: bero handia egiten zuen, argindarra sarri joaten zen, eta pobrezia. Baina gero, buelta eman genion: umeak oso eskertuta zeuden eta senideekin egotea handia izan zen. Izugarri ikasi genuen eta asko gustatu zitzaigun.

Etorkinen bigarren belaunaldikoak zarete zu eta ahizpa.

Bai; hemen esaten digute: "Sahararra zara, e? Eta, gainera, badakizu hassania!". Eta han egon ginenean: "Euskal Herritik etorritakoa, e, igartzen da zure hizkeran". Hemen jaio nintzen eta hazi, Euskal Herria asko maite dut eta hemengoa naiz, baina sahararra ere banaiz eta hala sentitzen naiz.

Etorkizuna zelakoa irudikatzen duzu zuk zeuk?

Batxilergoa bukatu eta unibertsitatera joan gurako genuke bi ahizpok. Eta, noski, Sahara libre batekin amesten dugu; umetatik erakutsi digute gure Sahara okupatuta dagoela, eta lurralde askera itzultzeko nahia dute gurasoek eta guk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak