Ama, lagunduidazu

Erabiltzailearen aurpegia Salma Ahmed 2023ko eka. 4a, 00:00

Institutuan soziolinguistikaren ezagutza lantzeak gauza askoren gaineko hausnarketa egitea eragin dit.

Adibidez, konturatu naiz hizkuntza hautua baldintzatua dela, hizkuntza bat barneratzeko ibilbide ezberdinak hartu ditzakegula, baina gehien kezkatu nauena gauza bakarra izan da: nire ama-hizkuntza galtzen ari naiz.

Ez dakit zein izan den arrazoia; nerabe eleanitz batek halako egoera batetik pasatzea normala da, ezta?

Banekien lehenago edo geroago hori gertatuko zela; kontuan hartuta euskara eta gaztelera eskolan, kalean eta etxean erabiltzen ditudala, nire ama-hizkuntza bazter batean uzteak ez nau harritzen. Hala ere, nire identitatea zulotik behera bota dudala sentitzen dut; nire ama-hizkuntza gabe zelan esan dezaket harro sahararra naizela?

Hau idazten ari naizela lotsagabe sentitzen naiz, hasaniarrek Afrikan milaka urtez daramatzaten nomaden izaerari omen egiten baitiote, lehen erabiltzen ziren esaerak eta esapideak erabiliz.

Nire amona bizirik egongo balitz, seguruenik lotsatu egingo litzateke. Beraiek errepresio garaian ezkutatu egiten ziren hasanieraz abestu eta hitz egiteko, eta egun nik etxean nire askatasun guztiarekin kolonizatzaileen hizkuntza darabilt; lotsagarria.

Badakit nire egoeran bizi direnak asko direla. Diasporan bizi garen etorkinen seme-alabok errealitate latz baten bizi gara; gure gurasoek bizi zutena baino askoz egoera latzagoan ez, baina bai egoera gogorretan. Batzuetan, nire amaren jakinduria edukitzea gustatuko litzaidake, berak badaki-eta zer egin horrelako egoeretan, berak badaki-eta zer egin behar dudan berak niri emandako hizkuntza berreskuratzeko.

----------

Salma Ahmed

Batxilergoko lehen mailako ikaslea Arrasate BHIn

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak