Joan den asteburuan, ekainaren 3an, lehenengoz jokatu zen Gipuzkoako Tripaki Txapelketa, Arrasateko Seber Altube plazan. 26 harategik hartu zuten parte eta debagoiendarren artean banatu ziren sariak: lehenengo saria Aretxabaletan gelditu zen, Iosu harategian, hain zuzen; bigarren saria Bergarako Antiak eskuratu zuen; eta hirugarren postuan Arrasateko Otamendi harategia gelditu zen.
24. Harreman Egunaz baliatu ziren tripaki lehiaketa egiteko, eta Arrasateko Udala, Ibai-arte, Ederto Gipuzkoako Harakinen Elkartea eta Dendartean merkatari elkartea aritu ziren antolatzaile lanetan. "Iosu harategia Ederto Harakinen Elkartearen kide da eta txapelketara parte hartzeko gonbita egin ziguten; baldintza errazak zirenez parte hartzea erabaki genuen eta, pozik gaude orain", dio Xabi Gaztañagak, Iosu harategikoak.
Familia lanak
Iosu harategiko bazkide dira Jabi eta Juan Gaztañaga anaiak, eta euren seme-alabekin batera aritzen dira lanean; hala, "guztien platerak" irabazi zuela aitortu du Xabi Gaztañagak, eta, beste harategietan nola egiten dituzten ez jakin arren, eurenak gustuko dituztela azaldu du: "Amaren errezeta jarraituz prestatzen ditugu tripakiak, eta guretzat onak daude egiten ditugun moduan; besteek, berriz, ez dakigu nola prestatzen dituzten".
Errezetaren sekretua
Inolako "misteriorik" ez duen platera da Iosu harategikoentzat; Gaztañagaren hitzetan, "mimoarekin" egin behar dira tripakiak, eurek egin zituzten bezala. Edozelan ere, baditu sekretu txiki batzuk errezetak: "Mimoarekin egin genituen; etxeko txahalaren tripakiak ziren, eta uste dugu hori garrantzitsua dela. Hori, eta bizkaitar saltsa ona egitea; amaren errezetak dio tomatea baino piper txorizero gehiago izan behar duela saltsak".
Txapelaren prestigioa
Astean behin egiten dituzte tripakiak Aretxabaletako harategian, eta aste osorako kontserbatzen dituzte. Gipuzkoako Txapelketari esker harategira jende asko joan dela aitortu du Xabi Gaztañagak; haren hitzetan, "prestigioa-edo" ematen dio halako sari batek enpresari: "Txapela edo sari bat izateak jendea erakartzen du; aste honetan jende askok erosi dizkigu tripakiak".
Mota horretako lehiaketak "lagungarriak" dira izena zabaltzeko. "Sare sozialetan azkar zabaldu zen berria, eta telebistan eta egunkarietan ere agertu da; horrek Iosu harategia jendearen ahotan izatea ekarri du", dio Gaztañagak.