Energia jasangarriaren inguruko proposamenak helarazi dizkiote ikasleek Udalari

Mirari Altube Arrese 2023ko mai. 23a, 14:34
Kurtzebarriko ikasleak osoko bilkuren aretoan. (Argazkia: Kurtzebarri eskola)

Energia-iturri eskuragarriak eta ez-kutsatzaileak izan dira aurten Eskolako 2030 Agendaren ardatzak eta horren gainean egindako lanketaren ondorio, proposamen eta konpromisoak helarazi dizkiote Udalari Kurtzebarriko ikasleek –lehen hezkuntzakoek zein bigarrenenekoek–.

Kurtzebarri eskolako zein BHIko ikasleek energia-iturri eskuragarrien eta ez-kutsatzaileen erabilera aztertu dute azken ikasturtean; hain zuzen ere hori da Garapen Jasangarriaren 2030erako jarritako helburuetako bat.

Argiteria publikoari buruz egin duten azterketak agerian utzi du zerbitzu horretan "hobekuntzak egin behar" direla. Eta horren adibide batzuk eman dituzte; kiroldegira heltzen den bidegorrian dauden faroletako batzuk behar bezala ez dabiltzala nabarmendu dute, eta Durana kalekoak zikin daudela. Argien intentsitateari dagokionez, uste dute "herriko hainbat guneen artean desoreka" dagoela, eta horrek "segurtasun-sentsazioari eragiten" diola.

Emisio kutsagarriak murrizten laguntzeko udaltzainen ibilgailuek elektrikoak izan beharko luketela ere jaso dute eta herriko hainbat gunetan kargagailuak jartzea proposatu. Era berean, hondakinak lurrera ez botatzeko zakarrontzi gehiago eskatu dituzte. Kurtzebarri eskolako teilatuan instalatuta dauden eguzki-plakak berriro martxan jartzea ere proposatu dute.

Ekintza-plana

Aurten egindako diagnostikoa hurrengo ikasturterako ekintza-plan bat zehazteko oinarria izango da, horren helburua "energia aurreztea" izanik. Horren baitan, ikasleek konpromiso batzuk hartu dituzte: zuhaitz landaketan eta ibaiaren garbiketan parte hartuko dute, aurkitutako hondakinei buruzko informazioa zabalduz. Era berean, "kale-argien funtzionamenduaren eta garbiketaren jarraipena" egingo dute, Udalari haien egoeraren berri emateko. Energiari dagokionez, sentsibilizazio-kanpaina bat antolatzea beharrezkoa dela iritzi diote.

Proposamen horiek guztiak Unai Elkoro alkateari aurkeztu dizkiote, eta horrek ikasleek egindako lana eta hartutako konpromisoak txalotu ditu: "Gogoan hartzen dugu helarazi digutena, eta eskerrak ematen dizkiegu egindako ekarpenengatik". Eta azpimarratu du Udalak "eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta jasangarritasunaren alde lanean" diharduela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak