ALBISTEAK

Aretxabaletako EH Bildu: "Denon beharrak kontuan hartuko dituen herria eraiki gura dugu"

Txomin Madina Milikua 2023ko mai. 19a, 21:00

Aretxabaletako EH Bilduko zerrendako hainbat kidek, tartean Gari Iturbe alkategaiak,  hauteskundeei begira landu duten programaren nondik norako nagusiak aurkeztu dituzte herritarren aurrean arratsaldean egin duten ekitaldian.

Karmele Igartua zenaren poema musikatu batekin hasi du Aretxabaletako EH Bilduk herrirako dituzten egitasmoak jasotzen dituen programaren nondik norako nagusiak. Gari Iturbe alkategaia buru, hitza hartu dute zerrendako lehen postuetan doazen Nerea Zubillagak, Ion Albizuk, Lorea Serratok, Ibai Zangituk, Ainhoa Sanchezek eta Angel Mari Etxabek.  

Gari Iturbek alkategaiak azaldu duenez, programa lantzeko, lau puntu hartu dituzte oinarri: “Gobernatzeko moduan eragin nahi dugu; zer egiten den baino, fokua zelan egiten den horretan ipini nahi dugu. Zintzotasuna, azkartasuna eta gardentasuna dira bigarren puntua, uste dugulako hainbat egoeratan Udala motel ibili dela. Argi dugu denon beharrak kontuan hartuko dituen herria eraiki gura dugula. Eta amaitzeko, Aretxabaleta herri bizia da, eta bizirik mantentzeko lan egin nahi dugu”.

Ongizatea, kultura eta kirola

Hala, EH Bilduko hautagaiek hainbat alorrekin lotutako proposamenak azaldu dituzte. Adierazi dute aretxabaletarren bizitzak erdigunean jarri gura dituztela, bazterrean daudenei arreta berezia jarriz. Zentzu horretan, LGTBIQ+ kolektiboaren beharrak aztertu eta plan bat martxan jartzeko asmoa azaldu dute; eta gaineratu, etorri berriendako harrera egitasmo bat aurreikusten dutela.

Ongizatearekin lotuta, haur, gazte eta familiendako arreta psikosozial eta sozio-hezitzailea sustatuko duen programa egonkor bat abiarazi gura dutela esan dute. Era berean, bakardade ez hautatuari aurre egiteko, zaintza sare publiko eta komunitario bat sustatuko dutela adierazi dute; baita, langileen lan baldintzetan fokua jarrita, etxez etxeko laguntza zerbitzua indartuko dutela ere.

Kultura arloan, “astindutxo” bat merezi duela esan dute, eta elkarte guztiekin egindako agenda bateratua, herritarren kultura mahai bat eta Kuartelean dauden sortzaileendako baldintza duinak proposatu. Kirolean, aldiz, kirola egiten duten herritarrak, bereziki emakumeak, kontuan hartuko dituen plan bat garatzeko asmoa iragarri dute, baita frontoia eraberritzekoa ere.

Herriko txoko eta espazio hutsak herriko eragileen babesleku izatea ahalbideratuko dutela gaineratu dute, besteak beste, gazte eta nerabeei; eta ekintza kulturaletarako, aisialdirako, azoketarako edo kirola bultzatzeko,  gune estaliak sortzeko ideiei bidea emango dietela.

Berdintasuna, lan mundua eta hirigintza

Berdintasunean, emakumeendako espazio propio bat sortzeko parte-hartze prozesu bat abian jarriko dutela esan dute; baita ezinbestekoa dela indarkeria matxista jasaten duten emakumeak artatzeko zerbitzu bat ezartzea ere. Era berean, esan dute lehentasuntzat dutela berdintasuna teknikariaren jarduna bere osotasunera bueltatzea.

Lan munduan, aretxabaletar guztiek lan duina izatea nahi dutela adierazita, herriaren beharrei egokitutako enplegu arreta-zerbitzua martxan jartzeko asmoa azaldu dute; baita, besteak beste,  gazteendako beka programa bat eta batez ere merkataritzan zentratuta egongo den belaunaldi aldaketari laguntzeko programa ere.

“Gure bizitzak garatzeko eraikin, kale eta ekipamenduak behar ditugu”, esan dute, eta hobeto eta gehiago egin ahal izateko, hirigintza “humanoagoa eta umilagoa” egin behar dela.

Lore Martinez legebiltzarkideak eta udal hauteskundeetarako zerrendako kideak hartu du hitza ekitaldiaren amaieran, Foru hauteskundeetan ere botoa EH Bilduri emateko esanaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak