Indarkeria matxistaren biktimei arretarik onena eskaintzeko protokoloa, eguneratuta

Mirari Altube Arrese 2023ko mai. 2a, 07:40

Orain dela hamabi urte sinatutako lehen protokolo hark hainbat eguneratze izan ditu eta berritutako azken dokumentua eguaztenean aurkeztu zuten. Indarkeria matxistaren aurkako prebentzioa eta esku-hartzea koordinatzea da haren helburua.

Aretxabaletan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobetzeko erakundeen arteko koordinazio eta arretarako tokiko II. protokoloa izeneko dokumentua aurkeztu zuten eguaztenean.

Sortzen Aholkularitzak jardun du horretan eta herriko hainbat eragilek hartu dute parte; besteak beste, Gazteria, Berdintasuna eta Gizarte Zerbitzuetako udal sailek, herriko ikastetxeek, gaztelekuko hezitzaileek, osasun zentroak eta Erdu talde feministak. "Emakumeen indarkeria artatzen duten eragile guztiekin elkartzen saiatu gara", azaldu du Sortzeneko Sheila Melconek.

Lau ardatz dituen tresna

Lan-tresna horrek lau ardatz nagusi ditu: indarkeriarik gabeko bizitzak; segurtasuna eta biktimen babesa; ahalduntzea eta erreparazioa; eta adingabeak. Hala, indarkeria matxistaren baitan dauden kasu guztiak artatuko ditu protokolo horrek,
Gizartegintzako zinegotzi Kar
mele Uribarrik adierazi duenez: "Genero indarkeria baino indarkeria mota gehiago sartzen dira matxismoaren aterkipean, eta haiek guztiak aurreko protokoloan ez zeuden jasota". Erakundeen arteko sareko lana indartu nahi da, biktimei "ahalik eta erantzun onena" emateko, gida eta laguntza gisa balioko dieten jarraibideak eskainita.

Koordinaziorako mahai teknikoa

Malena Gonzalez Altuna (Berdintasun teknikaria): "Kasuen koordinazioa mahai teknikoaren ardurapean egongo da"

Protokoloari jarraipena egiteko mahai teknikoa osatu dute, eta horren gidaritza Berdintasun teknikariak izango du.

Zein da protokoloaren muina?

Behar batetik abiatuta landu da. Aurretik zegoena zaharkituta zegoen legeari dagokionez, eta, gainera, herriko eragileak ez zituen orain beste barneratzen; hala, uste genuen informazioa galtzen ari ginela, eta horrek berbiktimizazioan erortzeko arriskua zekarren.

Mahai teknikoaren funtzioak zeintzuk izango dira?

Batetik, formakuntza. Bertako kideok trebakuntza saioak jasoko ditugu; bestetik, kasuen koordinazioa, zelan bideratu erabakitzeko; eta azkenik, datu-jasotzea. Protokoloa bizirik mantenduko dugu, lege berria txertatuta, eta herriaren beharrei erantzuteko.

Dokumentuan gai asko jaso dituzue; adibidez, erantzun publikoa zelan eman.

Biktima edo biziraulea den pertsonaren nahiak errespetatzea da kontua, ez dadin izan Udaletik ezarritako zerbait. Herriarekin harremanetan egon behar da, kasuan kasu aztertzeko eta erantzun ezberdinak adostu.

Mahaiaren hurrengo pausoak zeintzuk dira?

Lanerako gogoz dagoen talde polita sortu da eta ekain inguruan elkartuko da. Urtean bi aldiz elkartzea da asmoa, koordinazio lanetarako, baina, premiaren arabera, sarriago bilduko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak