Aretxabaletako merkataritza eta ostalaritza zerbitzu gehienek bat egin dute Merkataritza Lagunkoia proiektuarekin. Euskadi Lagunkoia ekimenaren barruan dago hori eta hartutako konpromisoen artean daude adinekoei arreta pertsonalizatua eskaintzea eta konfiantzazko harremana sortzea. Hala, Aretxarte merkatarien elkartea osatzen duten 34 denda eta hamahiru ostalaritza-lokal Establezimendu Lagunkoiak sarera batuko dira, eta hori adierazten duen zigilua izango dute.
Keinu txikiak laguntzeko
Basotxo erretiratuen elkartearen bueltan sortutako Aretxabaleta Lagunkoia lantaldeak hamar urte inguru daramatza lanean Aretxabaleta herri "inklusiboagoa, irisgarriagoa eta lagunkoiagoa" izan dadin. Udalarekin hartu-eman estua izan du horretarako azken urteotan, eta hainbat lan eta ekimen jarri dira abian haiek sustatuta. Orain, tokiko merkataritzan jarri dute arreta.
Hainbat hilabetez egin dute horren gaineko lanketa eta hausnartutako guztia txosten batean jasota geratu da. Hausnarketa horretan tokiko merkataritzari eta ostalaritzari balioa eman diote, "herriari bizia ematen dioten, harreman sozialak errazten dituzten eta babes eta segurtasun sentsazioa ematen duten motorrak" direla iritzita.
Tokikoaren onurak nabarmentzearekin batera, adinekoek erosketak egiterakoan zailtasunak izan ditzaketen lau egoerari erreparatu gura izan diete: mugikortasuna galtzea, ikus-mena murriztea, entzumena murriztea eta narriadura kognitiboa. Hori jakinik, hainbat keinu egin daitezkeela adinekoen eguneroko bizitza erosoagoa izan dadin jaso dute: aulki bat jarri erosketak egiteko txanda iristen den bitartean, establezimenduan sartzea erraztu, kontraste-zaratak saihestu –musika ozen, haizagailuak–, produktuak letra handiekin etiketatu edo handitzeko betaurrekoak eskaini, pazientzia erakutsiz eta mezua errepikatuz behar den guztietan.
"Funtsezko aliatuak"
Aretxabaleta Lagunkoia lantaldeari "babesa eskaini" dio Udalak 2012an martxan jarri zenetik eta azken ekimen hori ere begi onez ikusi du, Gizartegintzako zinegotzi Karmele Uribarrik adierazi duenez: "Adineko pertsonak saltoki txikietara joaten dira eta zerbitzu ona euren fideltasunarekin saritzen dute. Hori dela eta, hurbiltasuneko merkataritza funtsezko aliatua da aretxabaletar nagusientzako, euren bizitza apur bat errazagoa egingo dieten ingurune lagunkoiak aurkitzeko, erosketan laguntza eskaini eta
harreman sozialetan katalizatzaile izateaz gain".
Udaletik gaineratu dute kanpaina horren helburua dela zahartzen ari den gizartean negozio txikiak ikusaraztea eta horiei balioa ematea, bezeroen beharretara egokituz, eta, bereziki, adineko pertsonek ohiko bizitza garatzen laguntzea ahalik eta denbora luzeenean euren autonomia mantenduz.
Zelan garatuko da landutakoa?
Pedro Etxebarria –Aretxabaleta Lagunkoiako kidea–: "Hainbat eskaera egin ditugu eta horiek betetzea erraza dela esan digute. Egia da arreta pertsonalizatua jasotzen dela denda txikietan eta, guztiok elkar ezagutzen dugunez, herrian edozer gertatuta ere etxekoei abisua pasatuko lieketela".
Kris Hernandez –Aretxarteko presidentea–: "Konpromisoa hartzeko eta laguntzeko gertu gaude; izan ere, uste dugu eskaera gehienak betetzen ditugula. Gainera, eurak dira herriko komertzioa bizirik mantentzen laguntzen dutenak, kolektibo oso fidela delako, eta eskertuta gaude".