Hamaika proposamen aurkeztu ditu EH Bilduk Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontua "osatzeko"

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko ots. 1a, 15:00

Udal Gobernuak aurkeztutako 2023ko aurrekontuak dituen "hutsune batzuk betetzeko" ekarpenak egin ditu EH Bilduk; besteak beste daude kiroldegian biomasa-galdara instalatzeko proiektua egitea, alokairu publikoaren udal parkea osatzea eta Portasol ingurua eraberritzeko hainbat lan egitea.

2023ko aurrekontuaren balorazioa otsailaren 9ko osoko bilkuran egingo badu ere EH Bilduk, hainbat ekarpen aurkeztu ditu Udal Gobernuaren proposamena jakin ondoren. Bi ardatz dituztela horiek adierazi zuten martitzenean egindako agerraldian Ion Albizu, Naiara Olabarria eta Gorka Gabilondo zinegotziek. Batetik, 2022ko aurrekontuaren exekuzioa: "Behin betiko datuak ez ditugun arren, %70eko exekuzio maila soilik eduki dute. Egin gabeko inbertsioetatik kanpo, 300.000 euro inguru gastatu barik geratu dira pertsonal kapituluan eta 800.000 euro gastu arruntetan". Eta bestetik, 2023ko aurrekontua beste gobernu batek kudeatuko duela: "Diru sarrera arruntetatik at 4,5 milioi euro gehiago gastatzea aurreikusten da. Hemendik aurrerako lehentasunak eta inbertsio plangintza hurrengo Gobernuari tokatuko zaizkio".

Portasol ingururako hainbat

"Epe motzean exekutatzeko" hamaika proposamen aurkeztu zituzten; lehenengoa, kiroldegian biomasako galdara instalatzeko proiektua egitea –10.000 euro–: "Gasaren dependentzia %30era jaitsiko litzateke eta energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa egingo genuke". Horrez gain, alokairu publikoaren udal parkea osatu gurako lukete –60.000 euro–: "Udal Gobernuak iaz proposatutako gazteendako alokairua ordaintzeko programak porrot egin duelako".

Bestetik, Portasol ingururako hainbat proposamen egin zituzten: Araba ibilbidean –Gipuzkoa plaza parean– hogei aparkaleku sortzea –5.000 euro–; Zaraia eta Gorbeia kaleen espaloiak hobetzeko proiektua adostea parte-hartzea bultzatuta –15.000 euro– eta Gipuzkoa plazan gune estali bat sortzea parte-hartze bidez zehaztuta –2.000 euro–. 

Honako beste hauek ere sartu dituzte zerrendan: energia-aholkularitzako bulego bat jartzea –10.000 euro– familiei gomendioak emateko; LGTB+ kolektiboaren egoeraren gaineko ikerketa egiteko beka bat abiaraztea –8.000 euro–; landa-eremuan Internet azkarra jartzeko dirulaguntzak sortzea –6.000 euro–; Copreci inguruko bidegorria osatzea –8.000 euro–; herriko taldeek diskoak grabatzeko duten laguntza partida handitzea –2.000 euro–; eta frontoi gorrian sare bat jartzea –1.000 euro–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak