Aritz Zugasti: "Egindako lanaren garaipena da txapela"

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko urt. 6a, 10:00

Aritz Zugasti, lortu berri dituen txapelarekin eta garaikurrarekin. Iturria: Irina Álvarez

Txapeldun izan berritan, GOIENArekin egon da Aritz Zugasti (Eskoriatza, 2001). Banakako txapela irabazi berri du, Ataungo elkartean ari den Arroitari finalean 22-20 irabazi ostean. "Oso pozik dago" lortutako garaipenaren ondoren, eta itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari. Oinak lurrean edukita, amesten jarraitu nahi du eskoriatzarrak. Iturrigorri pilotalekura joan zen jende mordoaren laguntza ezinbestekoa izan zela dio.

Lehenik eta behin, zorionak! Pozik?

Eskerrik asko. Oso pozik nago lortutako txapelarekin; egindako lanaren garaipena da. Ordu asko sartzen ditut, eta, batzuetan, horrelako sari potoloak ere iristen dira.

Ondo hasi zinen, lehen tantoak zureak izan baitziren; horrek konfiantza eman zizun?

Frontoia hainbeste jendekin ikusita, urduritasuna kontrolatzeko ea gai nintzen pentsatu nuen. Baina ondo hasi nintzen, tantoak egiten, eta horrek konfiantza eman zidan. Partiduan ondo hastea garrantzitsua da eta ni ondo sartu nintzen partiduan.

Hamahirugarren tantoan, inflexio-puntua etorri zen: lehenengoz, Arroita aurretik jarri zen; garaipenak ihes egingo zizula pentsatu zenuen?

Ez da normalena neurketa baten airez hainbeste jokatzea. Eskuak asko sufritzen du. Hamahirugarren tantoan eskuko mina hasi zitzaidan eta zalantzekin hasi nintzen. Botez tanto batzuk egiten saiatuko nintzela erabaki nuen, eskua lasaitzeko, eta erabakia ona zela segituan konturatu nintzen.

Partiduaren zein momentutan sentitu zinen eroso?

Eguaztenean, entrenamenduan pilota konkretu bat erabili nuen eta botileroak esan zidan sakean egin behar nuela min. Finalean, beste pilota batekin hasi arren, lan-saioetan erabilitako piloten aldeko apustua egin nuen, eta aldaketa hura gakoetako bat izan zen.

Jendez lepo egon zen Iturrigorri pilotalekua; horrek ere lagunduko zuen, ezta?

Sarritan, jende asko egoteak urduri jartzen zaitu, baina inor egongo ez balitz moduan jokatu nuen. Oihuak eta animoak iritsi ziren. Irabazi eta gero, harmailetara begiratu eta dena beteta ikustea oso polita izan zen.

Hiru partida irabazi zenituen finala baino lehen; konfiantzaz beteta iritsi zinen finalera?

Aurten, asko jokatu dugu binaka. Eta Arroitak, binaka, irabazi egin zidan. Horregatik, finala baino lehen zalantzak nituen. Edozelan ere, banakako neurketak irabazten joan naiz eta horrek konfiantzaz bete ninduen.

Irabazitako neurketak kanpoan jokatu zenituen; arantzatxo bat kendu zenuen etxean irabazita?

Bai, guztiz. Ligaxkan bigarren gelditu nintzen eta soilik lehena sailkatzen zela uste nuen. Halako batean, hurrengo ligaxkarako sailkatuta nengoela esan zidaten eta neurketen bila joan nintzen hasieratik. Bigarrena izatearen ondorioz, finalera arte kanpoan jokatu ditut partidu guztiak.

Maite duzun jendearekin irabazteak ederra izan behar du.

Bai, guztiz. Etxean jokatuta, zure inguruko jendea gertu sentitzen duzu. Frontoia horrela ikustea benetan ederra izan zen.

Orain, zeintzuk izango dira hurrengo erronkak?

Otsailean binakako txapelketa dugu. Ondo prestatuko dugu, eta ea nola irteten den. Luzera begira, lau eta erdiko txapelketaren bila joango naiz.

Bukatzeko, zer esango zenieke zaleei?

Bada, pilota babesten jarraitzeko. Normalean, pilotarion gurasoez harago, ez da jende askorik etortzen. Finalean, aldiz, jende andana batu zen frontoian. Aurrerantzean, zenbat eta jende gehiago etorri, orduan eta hobeto.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak