Aritz Zugasti eskuz banakako Gipuzkoako txapelduna

Mirari Altube Arrese 2022ko abe. 31a, 10:12

Ezker hormako kluben arteko Gipuzkoako txapelketaren finalak jokatu ziren atzo, abenduak 30, Iturrigorri pilotalekuan eta Aretxabaleta kirol elkarteko Aritz Zugasti eskoriatzarra izan zen txapelduna, nagusien bigarren mailan.

Pilotalekuko harmailak bete egin ziren Zugastiren eta Ataungo elkartean diharduen Arroita bizkaitarraren arteko norgehiagoka ikusteko. Eta horiek ez zuten hutsik egin; emozioz betetako finala eskaini zuten.

Txapelketa polita jokatuta zetorren Zugasti, baina bazuen arantzatxo bat: partidu bakarra galdu eta hori etxean. Era berean, bazekien Arroita aurkari indartsua zela eta ez zela partidu erraza izango. Lehen tantoak etxekoak egin zituen eta aurretik jarri ere bai; baina hasieratik garbi geratu zen parean izango zirela biak eta hutsegite gutxien egiten zituenak eroango zuela partidua. Hala, aurkariaren ahultasunak ezagutu eta min ematen saiatu ziren biak ala biak.

Hamahirugarren tantora arte Zugasti aurretik izan zen, nahiz eta gertutik jarraitu Ataungoak. Baina hamahirugarrenenean berdindu eta aurrea hartu zion horrek. Hamabosgarren tantoan aurrea hartu zuen etxeko pilotariak eta bost tanto egin zituen jarraian. Arroitak, baina buelta eman, eta hemeretzigarrenean berdindu egin zuen. Bukaeran, 22 eta 20 gailendu zen Zugasti.

Txapela jantzi ondoren oso pozik zen UDAko pilotaria: "Gogorra izan da, oso parekatua. Eta partiduaren erdian mindu egin zait eskua eta zaildu egin zait. Baina ez dut etsi eta oso gustura egindako partiduarekin. Pilotalekua, gainera, beteta egon da eta benetan plazera izan da zaleen aurrean jokatzea".

Beste bi final

Eskuz banakako beste bi final ere jokatu ziren horren ostean, Iturrigorrin. Gazteen lehenengo mailari dagokionez Tolosako Iraeta gailendu zitzaion Azkoitiko Etxanizi 22 eta 13; eta nagusien lehenengo mailan, Tolosako Amianok 22 eta 11 hartu zuen mendean Soraluzeko elkartean diharduen Balerdi antzuolarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak