Sei mila biztanlera ez zen iristen 2001ean eta hogei urte geroago zazpi milatik gora ditu. Lau urtetan bakarrik galdu ditu herritarrak, eta horietan gutxi batzuk.
2001ean, Aretxabaletak, 5.991 biztanle zituen eta 2021ean, 7.118. Lau urtean bakarrik egin du behera populazioak 2015ean, 2017an, 2018an eta 2020an. Igoerarik nabarmenena, ostera, 2004 eta 2006 artean eman zen, baita beranduago ere beste bi alditan, 2011 eta 2012 artean eta 2018 eta 2019 artean.
Jaiotzei dagokienez ume gehien jaiotako urteak izan ziren 2008a eta 2012a, 92 eta 91rekin, hurrenez hurren. 2016an lehenengoz, heriotzak (60) jaiotzak (56) baino gehiago izan ziren. Eta bien arteko aldea 2021ean nabarmendu da bereziki jaiotza kopuruak behera egin duelako (46) eta heriotzarenak gora (74); hain zuzen ere hogei urteotako heriotza kopururik handiena da.
Adinari dagokionez, 20 urtetik beherakoen kopuruak gora egin du, baina are gehiago 60 urtetik gorakoenak. Kontrara, helduen taldea, 20 eta 59 urte artekoena, murriztu egin da.
Migrazio mugimenduen kasuan Euskal Autonomi Erkidego barruan emandakoa da handiena, Espainiako autonomi erkidegotako joan-etorrien zein Espainiatik kanpoko mugimenduen aldean, bai emigrazioari dagokionean bai immigrazioari. 2005a izan zen herritik biztanle gehien joan zen urtea, 267 hain zuzen ere. 2018an, ostera, 268 lagun etorri ziren Aretxabaletara bizi izatera, hogei urtetako kopururik handiena.