Ahots zorrotza eta organoa batera bihar

Imanol Beloki Unamuno 2022ko aza. 25a, 10:27

Zapatuan, Jose Luis Franzesena organo-jotzailearen eta Mariatxen Urkia sopranoaren organo kontzertua izango da Aretxabaletako parrokian, 20:00etan. Interesdun guztientzat irekita izango dira ateak, entzungai izango diren piezez gozatzeko.

Jose Luis Franzesena organo-jotzailearen eta Mariatxen Urkia sopranoaren emanaldia izango da zapatu honetan Aretxabaletako parrokian. Saioa 20:00etan hasiko da eta ikus-entzuleentzako pantaila jarriko dute aldarean, berezitasun moduan, protagonistek egiten dutena xehetasun guztiekin jarraitu dezaten emanaldi osoan.

Organoa mantentzeko asmoz

Sopranoaren ahots erregistro altuak eta organoaren soinuak uztartutako emanaldia izango da entzungai zapatu iluntzeko hitzorduan. Elizetako organoak aktibo mantentzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen laguntzaren esker antolatutako saioa da, eta urtero Gipuzkoako herri batean egiten den saioa aurten Aretxabaletan izango da. "Emanaldi hau iaz Idiazabalen izan zen, duela bi urte Loiolan eta aurten Aretxabaletan antolatu dugu. Organoak mantentzeko helburua du egitasmoak; daukagun altxor hori ez galtzeko asmoz", adierazi du Mariatxen Urkia sopranoak.

Erraz entzuteko emanaldia

Musika gustuko duen edozeinentzat zuzendutako emanaldia izango dela adierazi dute Aretxabaletako parrokiako aldare gainera igoko diren musikariek. Hala ere, jendea erakartzea ez dela erraza izaten gaineratu du Urkiak: "Organoarekin soilik zenbait pieza izango dira entzungai, eta, ondoren, beste zenbait pieza abestuko ditut organoak lagunduta. Errepertorioari dagokionez, abestuko ditudan kantuak ezagunak dira; organoarenak izango diren pieza instrumentalak, berriz, ez hain ezagunak. Hala ere, erraz entzuteko kontzertua izango da", adierazi du Mariatxen Urkia sopranoak. Gaineratu du aurten berritasuna izango dutela Aretxabaletako parrokian izango den emanaldian. "Pantaila bat jarriko dugu aldarean, publikoak ikusi dezan koruan gertatzen dena; organoa nola jotzen den, nik nola kantatzen dudan… Entzuteko soilik emanaldi zaila da mota honetako kontzertua, eta, era honetan, pantailarekin, ikusgarriagoa izango da, atseginagoa. Organoa oso instrumentu bitxia da: hankekin jotzen da, bi teklaturekin, erregistroak… Mereziko du emanaldira etortzea".

Urte asko elkarlanean

Jose Luis Franzesena organo-joleak eta Mariatxen Urkia sopranoak ia urtero antolatzen duten emanaldia da organo kontzertua, eta hitzordu hau antolatzen hasi aurretiko garaiak ekarri ditu gogora Mariatxen Urkiak: "ikasle moduan kontserbatorioan nengoela ikasketak egiten, Jose Luis ere organo ikasketak egiten ari zen. Ikasgai batzuk batera egiten genituen, gainera. Jose Luis, Julian Barrenetxea, Azpeitiko abesbatzako eta bandako zuzendaria zen, eta, hortik abiatuz, abesbatzetan, zarzuelak… proiektu batzuk elkarrekin hasi ginen. Hori horrela, urte asko dira elkarrekin lanean ari garela".

Organoaren berezitasunak

Euskal Herrian Cavaille-Coll organo garrantzitsuak daude: Donostiako Santa Maria, San Vicente, Azkoitikoa, Loiolakoa… Aretxabaletakoa, berriz, ez da Cavaille-Coll organoa, baina Cavaille-Collen ikasle baten organoa da. "Prince da organoaren egilea, eta haren organoa izango balitz moduan sinatu zuen bakarra da. Oso berezia dela diote, eta, instrumentu txikia izan arren, aukera asko ditu askotariko soinuak ateratzeko…". Horrez gain, Leizarra musika eskolako ikasleek eta Aretxabaleta Abesbatzako kideek abenduaren 30ean kontzertua izango dutela aurreratu du Urkiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak