Energia aholku bulego bat gura du EH Bilduk eta laguntza gehiago

Mirari Altube Arrese 2022ko aza. 3a, 07:37

Ion Albizu eta Gorka Gabilondo, EH Bilduko zinegotziak, Murrukixoren lokal aurrean.

Ekiola kooperatiba ere beharrezkoa dela gaineratu du eta herritarrak haren bulegotik pasatu eta informatzera gonbidatu ditu.

Aretxabaletako EH Bilduko kideek uste du klima aldaketa historiako giza erronkarik handiena dela, eta aldaketa sakonak eskatzen dituela. Horren ildotik, gogorarazi dute 2019ko irailaren 9an Udalak bat egin zuela larrialdi klimatikoarekin: "Nahiz eta horrek ez du eragin handirik izan ez Udalaren helburuetan ezta egunerokotasunean ere". Gaineratu dute krisi energetikoa sakondu eta gogortu egin dela.

Horregatik, energiaren eraldaketaren bidean pausoak emateko ahalik eta ekintza gehien behar direla uste dute eta herritarrak ere horretara gonbidatu dituzte. Adierazi dute teilatuetan eguzki plakak jartzen dutenek 1.000 euroko laguntza jasotzen dutela "EH Bilduren iniziatibaz", eta diote herrian "komunitate asko" daudela "plakak jartzeko ahaleginetan". Horiek kudeatzen laguntzeko eta gasa eta elektrizitatearen azken hilabetetako garestitze eta aldaketek eraginez sortutako zalantzak argitzeko energia aholku bulego bat zabaltzea proposatuko diote Udal Gobernuari.

Ekiola kooperatiba ere beharrezkoa

Energiaren trantsizioan dena dela beharrezkoa uste dute, baita Ekiola ere: "Herritarrei dei egiten diegu Duranan kalean –Murrukixoren lokalean– dagoen
kooperatibaren bulegotik pasatu eta informazioa eskuratzeko".

Gaineratu dute Udal Gobernuari proposatuko diotela dirulaguntza lerro bat zabaltzea "Ekiolako familiak laguntzeko". Laguntza horiek bi multzotan banatuko lirateke; batetik, parte hartzen duten guztiek jasoko lukete, eta bestetik, diru sarrera gutxien dutenek gehigarri bat.

Beste eskaera bat ere egin dute: "Udalak Ekiolan inbertsioa egin eta herriko familia zaurgarrien artean argindarra banatzeko aukera bultzatzea eskatuko dugu".

Ekintza horiek guztiak eginda Aretxabaletak "aurrera pauso bat" ematea espero dute "energia berriztagarrien zabalkundean eta energiaren burujabetzan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak