Adinekoei bideratutako gizarte zentroko lanak urtea bukatu baino lehen hasiko dituzte

Mirari Altube Arrese 2022ko urr. 19a, 08:46

Astelehenean egindako osoko bilkuran esleitu zituen udalbatzak, aho batez, Agustindarren komentuko eraikinean adinekoendako gizarte zentroa egiteko lanak. Urdinberri-Viuda de Sainz-Gertek enpresek osatzen duten aldi baterako enpresen elkarteari eman diote horren ardura, 2.093.080 eurotan, eta urtebeteko epea izango dute bukatzeko.

Lanen esleipena babestu zuen EH Bilduk, baina kezka agertu ere bai. Batetik, luze joan delako komentuko lanen prozesua: "Atzerapen horrek ardura ezberdinak ditu: handiena proiektuaren egilearena, baina horri, Udal gobernuak egin duen kudeaketa gehitu behar zaio". Gaineratu zuten EH Bilduren eskaerari "kasurik ez" zitzaiola egin eta proiektua isolamendu akustiko barik idatzi zela: "Harrigarria da 2022ko urtarrila arte itxoin izan dela proiektu hori egokitzeko".

Eta bestetik, "tabernaren etorkizunaren gainean esandakoengatik": "Ekipamendu horren etorkizuna hain beltz ikusten badu Udal Gobernuak, nola ez da baloraziorik egin, alternatibak eta kudeaketa-aukerarik aztertu eta beharrezkoak izango diren baliabideak aurreikusi? Baliabide publiko asko gastatuko dira eta bideragarritasun-bermeak izan behar dituzte".

Proiektu estrategikoa

Lanen gaineko xehetasunak martitzenean eman zituzten Unai Elkoro alkateak, Karmele Uribarri Gizartegintzako zinegotziak eta Elena Gibello Hirigintzako teknikariak. Basotxo erretiratuen elkarteko presidente Migel Elortza eta zuzendaritza batzordeko kide diren Ramiro Gomez eta Juan Cruz Diez ere bertan izan ziren.

Lehenengo faseari ekingo diote orain, eta Basotxo elkarteko egoitza berria, mendekotasun txikia duten adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua eta erabilera anitzeko aretoa egokituko dira komentuaren behe solairuan. Bi eskaintza aurkeztu dira horretarako, eta Urdinberri-Viuda de Sainz-Gertek enpresek osatzen duten ABEEAk egingo ditu lanak alkateak azaldu zuenez: "Urtea bukatu aurretik hasi, eta ezustekorik ez badago, urtebete barru amaituta egongo dira".

ABEE horrek osasun etxe berriaren lanak ere egingo ditu; horretan dihardu hain zuen ere joan den astean hasita.  "Udalak eta Osakidetzak 6,5 milioi euro inguru inbertituko dituzte inguru horretan, herria izaera sozial eta sanitarioko bi ekipamenduekin hornitzeko", nabarmendu zuen Elkorok.

Gizartegintzako zinegotzi den Uribarri ere "pozik" agertu zen lanak abian jarriko direlako: "Lanak gura baino beranduago datoz". Eta barkamena eskatu zuen sortutako eragozpenengatik, bereziki Basotxori eta Erdu talde feministari. Era berean, gogorarazi zuen proiektu estrategikoa dela Udal Gobernuarentzat: "Adineko pertsonen sozializazioa eta integrazioa bermatuko ditu, kaperan kokatuko den baliabide berriarekin batera. Baliabide horrek herriari eta bertan garatzen diren jarduerei azpiegitura eskainiko die. Tabernak eraikinari bizia ematen eta adin ezberdinetako jendearen mugimendua bultzatzen ere lagunduko du". Zentro berria adinekoen bakardadeari aurre egitera bideratuta dagoela ere azpimarratu zuen.

Lanak beheko solairuan

Komentua izandako eraikinaren beheko solairuan egingo dira lanak, eta hori hiru hegaletan banatuta dago. Horietako batean, Basotxoko taberna kokatuko da, terraza eta guzti. Sarrera nagusia lorategitik izango du, arrapala batetik. Bigarren hegalean, eguneko arreta zentroa egongo da kokatuta, eta hirugarrenean, ostera, Basotxoren bulegoak izango dira.

Erdisotoko solairuan, bestalde, tabernako sukaldea, biltegi bat, langileen aldagelak eta instalazio-gela egongo dira. Lehenengo solairuarekin komunikatzeko, eskailerak eta igogailu baten kaxa egokituko dira. Hala, etorkizunean, proiektuaren bigarren faseari ekiterakoan, komunikazioak prest izateko; izan ere, komentuko lehenengo solairuan adineko pertsonentzako tutoretzapeko apartamentuak aurreikusi dituzte.

Kaperari dagokionez, maila bereko espazio bat sortuko da. Gela intsonorizatu egingo dute eta komuna eta biltegi bat izango ditu. Sarrera propioa izango du horrek.

Bestalde, eraginkortasun energetikoaren ikuspegitik, eraikinak aerotermia sistema eta eguzki plakak izango dituela teilatuan adierazi zuten.

Basotxoren bulegoa Zainduzen

Egoitza berria egokitu bitartean Basotxo erretiratuen egoitza Zainduz gimnasio zaharrean egokitu dute. Bi areto izango ditu han: bulegoa eta jardueretarako gela. "Obra txiki batzuk egingo dira leku gehiago eskaintzeko Basotxori, jarduerak baldintza egokietan eta erosoago garatzeko", azaldu du alkateak.

Zainduzeko lokalean estimulazio kognitiboko tailerrak ere ematen ere hasi dira, ondoren komentuan eskainiko direnak. Basotxoko presidente Migel Elortzak adierazi zuen gela txiki geratuko dela hainbat ekintzatarako eta jarduera batzuk Arkupen egiteko eskaera egin gura dutela.

Erretiratuen tabernari dagokionez datozen egunetan emango dutela erabakiaren berri adierazi zuten Elkorok zein Elortzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak