Kiroldegian energia aurreztu behar dela dio EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2022ko ira. 22a, 13:14

Aretxabaletako EH Bilduko kideek adierazi dute prentsa-ohar bidez Udalaren kontsumo eta kostu energetikoaren erdia dela Ibarra kiroldegikoa. Horregatik, "energia kontsumoa murrizteko" helburuarekin, "premiazko ekintzak" jarri behar direla martxan diote. 

Haien esanetan hainbat aditurekin egon dira, eta orain dela bi urte Udalak kontratatutako energiaren auditoriaren txostenean esaten dena hartu dute kontuan. "Txosten horretan proposatutakoak, baina, ez dira abian jarri, ezta beste neurririk ere, guk dakigula", salatu gura izan dute, eta gaineratu: "Neurri sorta bat jarri behar dugu martxan eta gasa eta argindarra %10-15 artean murriztu. Neurri horiek aurrekontu txikia dute, teknikoki bideragarriak dira eta azkar abiaraztekoak".

Ekintza "eraginkorrak"

EH Bilduk proposatutakoen artean honako hauek daude: filtraziozko sistemaren ponpak doitzea, "kiroldegi osoko argindarraren %8 aurrezteko"; ura berritzerakoan galtzen den beroa berreskuratzeko sistema jartzea, "gasaren kontsumoa %3 aurreztuz"; igerilekuak mantekin estaltzea kiroldegia itxita dagoen orduetan; igerilekua berotzeko transmisioan gertatzen den galera ekiditeko hodiak eta ingurua isolatzeko aukera aztertzea; eta LED argiteriara pasatzea igerilekua dagoen gunea: "Horrek ekarriko luke kiroldegiko gastu osoaren %3 eta 5.000 euro". Gainera, eguzki plaken berotasun ekarpenean ez dela %100 aprobetxatzen uste dute, eta sistemaren konfigurazioan aldaketak egitea proposatu. "Ekintza eraginkorrak" behar direla gaineratu dute eta Udal Gobernuari eskatu diote lehenbailehen abian jartzeko.

Ederlaneko berotasuna

Bestetik, Ederlan lantegiko berotasuna aprobetxatzeko proiektua abian jartzeko esfortzua egiteko eskatu dute: "Eragile guztiak prest egonda ez dugu ulertzen zergatik ez dagoen martxan. Horregatik eskatzen dugu klima aldaketari aurre egiteko lehen lerroko proiektu estrategikoa izatea eta lehenbailehen gauzatzeko pausoak ematea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak