Sanmigeletan talo-txosna ere izango da, beste urte batez, baina berritasunak daude, ezta?
Bi urte xelebre pasatu eta gero, aurten, berriro San Migel jaiak ganoraz ospatuko ditugu, eta, alde horretatik, pozik nago. Goizean taloak jotzen egongo naiz (gara); aurten, Mitarte kaleko lehengo bodegoian. Aurten, talo-txosnaren lekuaren aldaketa izango da berritasun, baina esentzia eta gogoa berberak izango dira bertan aritzen garenon partetik. Guztira, 60 pertsona inguru arituko gara taloak egiten, bi txandatan banatuta: 10:30etik 12:30era izango da lehenengo txanda eta 12:30etik 14:30era bigarren txanda.
Zein izaten da Loramendiren talo-txosnaren helburua?
Loramendi Euskara Elkarteak antolatutako talo-txosnaren helburua da dirua ateratzea urtean zehar euskararen normalizaziorako antolatzen diren ekintzetarako. Baina, aldi berean, talo-txosnak euskaltzaleon topaleku gisa ere funtzionatzen du; batzeko aukera ematen du eta tril egiteko lekua da.
Beteranoengandik ikasteko aukera ere izango du talo-txosnara laguntzera joaten denak, ezta?
Duela 24 urte, Loramendin egin nuen lan, eta Tril izeneko emakume talde bat zegoen. Orduko emakume askok jarraitzen dute taloak egiten, eta, beraz, betiko horiengandik ikasteko aukera izango da. Gainera, tril hitzak elkartzea, topo egitea… esan gura du; hala, tril egitera animatzen ditut herritar guztiak.
Hori, zapatu goizari dagokionez. Arratsaldean, berriz, dantza saioan izango zara. Zer ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek?
Irailaren 24an, zapatua, 19:00etan, Beinke-Loramendi dantza emanaldia izango dugu Herriko Plazan. Dantza saioekin irailaren hasieratik ari gara, eta ondo ikasita joango gara. Garai bateko Loramendi ikastolaren eta Beinke Kultura Elkartearen batzea adierazten duen ekintza da. Kanpotik jende askok historia ez ezagutu arren, sinbolikoki oso polita da. Beinke-Loramendi dantza, arin-arina eta fandangoa, eta txapeloa egingo ditugu, eta, amaitzeko, Larrain dantzarako herritar ezberdinak sartuko dira dantzara.
Dantzariak, beraz, ez dira faltako?
Zenbait urtetan dantzari larregi izan dira, baina aurtengo dantza-saioan 70-80 lagun batuko garela uste dut.