ALBISTEAK

'Hitzez ekiteko' prest agertu dira herritarrak

Mirari Altube Arrese 2022ko eka. 24a, 13:02

Abenduan iritsiko den Euskaraldirako motorrak berotzen hasi dira eta hainbat talde eta elkartetako ordezkariek eta herriko zenbait eragilek babesa agertu diote horri; aurtengo dinamika aurkeztuta, lanerako ordua dela gogorarazi dute.

Gazteen zein erretiratuen elkarte eta mugimendutako ordezkariak, kultur eta kirol taldeetako kideak, ikastetxeetako irakasleak, merkatariak eta udal ordezkariak besteak beste, elkartu ziren eguazten iluntzean Euskaraldiaren prestatze lanak abiarazteko eta herritarrak "lanera" gonbidatzeko. Musika eta bertsoak lagun, hitzez ekiteko garaia dela adierazi zuten festa giroan.

Indarrak berreskuratzen

"Aurreko edizio gorabeheratsuen ondoren, aurten indarrak hartu eta bultzada ona eman gura diogu Aretxabaletan", adierazi zuen horren bueltan sortutako batzordearen gidari den Lora- mendiko Ainhoa Sanchezek, eta gaineratu: "Egia da aurrekoetatik ahulduta iritsi garela, baina asmoa da jende berria erakartzea batzordera eta ilusioa eta lanerako gogoa berreskuratzea". Dagoeneko bilera batzuk egin dituzte eta Sanchezek gogorarazi gura izan du taldearen ateak edonorendako daudela zabalik; argibideren bat gura duenak Loramendi elkartera jo dezake. Aurkezpen ekitaldi horrekin, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den dinamikaren gertatze lanei eman zieten hasiera. Hirugarren Euskaraldiak euskararentzako ariguneak areagotzea du helburuen artean, eta ariketa horretan parte hartu gura duten entitateen izen-ema- te epea dagoeneko zabalik dago; horretarako, euskaraldia.eus atarira jo daiteke.

"Ezustekoak" datuetan

2021eko kale erabileraren gainean egindako ikerketaren berri eman du astean Soziolinguistika Klusterrak, eta Aretxabaletako datuen berri izan du Sanchezek: "Oso txarrak direnik ez dut esan gura, baina ezusteko batzuk hartu ditugu. Horri buelta emateko lana egon badago, eta ea euskararen bonbilla pizten zaigun guztioi Euskaraldiarekin".

Zergatik babestu Euskaraldia?

Ainere Caballero eta Uxue Astola (Gazte Mugimendua)

"Euskal hiztunak batu egiten gaituen dinamika da eta guk ere parte izan gura dugu. Izan ere, euskararen erabilera gazteen artean ere jaitsi egin da. Ildo horretatik, proiektutxo batzuk baditugu esku artean; kale neurketa egitea, esaterako".

Migel Elortza (Basotxo erretiratuen elkartea)

"Aretxabaletar guztion babesa behar du, nork bere aletxoa jarrita egin behar dugu aurrera. 900 bazkide inguru gara eta uste dugu euskara bultzatu beharra dagoela elkartean; irailetik aurrera ikasteko aukera eskainiko dugu berriz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak