Kirol eta aisialdi gune bateratuaren alde agertu da gehiengoa

Mirari Altube Arrese 2022ko eka. 23a, 08:00

Kiroldegiaren aurrealdeko berdegunean zer egin erabakitzeko hiru proposamen izan dituzte aukeran herritarrek eta botoen erdia baino gehiago jasota gune mistoa izan da irabazlea; 1.397 boto baliodun jaso dira, guztira.

Kiroldegiaren aurreko zelaia ekipatzeko hiru proposamenen artean aukeratu ahal izan dute herritarrek ekainaren 13tik 17ra bitartean. 6 urtetik gorako aretxabaletarrek izan dute botoa emateko aukera eta 1.397 izan dira jasotako baliodunak; 1.197 online formularioaren bidez eta gainerako 200 botoak Arkupen.

Gune mistoa, hau da, aisialdirako berdegunea eta kirolgunea bateratzen dituen proposamena izan da boto gehien jaso duena: 706 –emandako boto guztien artetik %50,5–; bigarren postuan geratu da gune berdearen proposamena, 385 botorekin; eta hirugarrenean, kirol instalazioen aukera, 326 botorekin. Baliogabetzat jo dituzte 45 boto, bikoiztuta zeudelako edo Aretxabaletan erroldatutakoa ez izateagatik.

Balorazio positiboa

Maiatzaren 12an jarri zuten abian parte-hartze prozesua; bilera ireki batean elkartutako herritarrek hainbat aukera proposatu zituzten, eta, "ikuspuntu teknikotik egokitu" ondoren, bozketa fasera pasatu ziren hiru. Unai Elkoro alkateak eta Koldo Zubillaga Kirol zinegotziak eskerrak eman dizkiete herritarrei eta "pozik" agertu dira: "Balorazio positiboa egin dugu, herritarrek interesa erakutsi dute eta. Jasotako boto kopurua erantzun ona dela horrelako prozesuetan uste dugu; eta, aldi berean, berretsi egiten dugu Udal Gobernuak herritarrei ahotsa emateko duen apustua".

Lehenengo, berdegunea

Proposamen irabazleak aisialdirako lekua eta kirolgunea bateratzen ditu. Berdegunean aurreikusi dira zuhaitzak eta mahaiak, baita ur jolasak ere, eta kirol ekipamendu txikiak: kalistenia eta ping-pong eta mahai-jokoak. Markole auzoaren ingurua oinezkoentzat egokituko dute; horretarako, aparkalekuak kenduta. Hala, Ibarra futbol zelaiaren ondoan padelerako eta beste kirol modalitate batzuetarako ekipamendu estaliak jarriko dituzte.

Egokitzapen horien plangintza eta epeak zehazten hasiko dira orain. "Egutegi bat egingo dugu, epeak eta kostuak zehazteko", dio alkateak. Aurtengo aurrekontuetan partida txiki bat jasota dagoela jakinarazi du Zubillagak: "Zuhaitzak landatzeko eta instalazio txikiei heltzeko aukera emango digu horrek. Beste ekipamendu batzuek inbertsio handiagoa eskatzen dute, baita proiektu bat idatzi eta hirigintza araudia egokitu ere". Agintaldia bukatzeko geratzen den urtebete eskasean "bideratuta" uztea da asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak