'Pauso berriak'-ekin udal zerbitzuetan praktikak

Mirari Altube Arrese 2022ko eka. 3a, 08:30

Maialen Biteri eskoriatzar gazteak Arkupen eta udaletxean dihardu lanean azken lau asteetan, Atzegik eta Gureak-ek kudeatzen duten Pauso berriak egitasmoari esker, "oso gustura" ibili ere; egun erdiko jardunean, urtebeteko praktikaldia egingo du.

Atzegik eta Gureakek abian jarritako ekimena da Pauso berriak eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta dago. Desgaitasun intelektuala dutenen gizarteratzea eta laneratzea ikusaraztea eta laguntzea du helburu, eta horri esker Maialen Biteri (Eskoriatza, 2001) praktikak egiten hasi da Aretxabaletako Udalarenak diren hainbat zerbitzutan.

Arkupen eta udaletxean

Egun erdiko lan jarduna Arkupe kultura etxean hasten du Biterik, goizetan; liburutegian egiten ditu zenbait lan eta harrerako langileekin beste hain- bat. "Taldera oso ondo batu da eta inolako arazo barik egokitu da gure martxara", adierazi du Dani Sanchez harreragileak. Gero, udaletxera joaten da, eta han egiten ditu beste bi ordu. Pauso berriak-eko lan prestatzaile Isabel Negreira oñatiarrak laguntzen dio lehen asteotan, lanei eskua hartu artean, eta ondoren, bakarrik jardungo du.

Udala, gustura

2010ean jarri zen abian Pauso berriak, eta urtetik urtera pro- grama sendotzen joan dela adierazi du Jon Fernandez Aranburu arduradunak: "Ia 300 pertsonak hartu dute parte ekimenean hamabi urtean eta gaur egun 160 bat enpresatan gaude; bai praktiketan, bai zerbitzu okupazionala deituriko hitzarmen baten baitan, azken helburua enplegua izanik". Enpresarekin, lankideekin, familiarekin, prestatzaileekin eta teknikariekin sarean lan egiten dute "pertsonek beren gaitasunekin bat datozen lanak egin ditzaten eta lan-ingurunean benetako inklusioa bizi dezaten". Eta pozik agertu da Udalak bat egin duelako egitasmoarekin: "Gurekin harr manetan jarri ziren, eta guk programa aurkeztu orduko eman ziguten baiezkoa".

Unai Elkoro alkateak adierazi du aurretik beste saiakera bat egina zutela baina ez zuela aurrera egin orduan; oraingoan, ostera, bai, eta pozik agertu da: "Maialen gustura ikusten dugu eta gu ere halaxe gaude. Pertsona horien gaitasunak kontuan hartuta lanak aurkitzea da kontua, eta beti daude horiendako modukoak". Gaineratu du urtebeteko praktikaldi horren ondoren aztertuko dutela jarraipena izango duen edo ez.

Maialen Biteri: "Gustuko ditut liburutegiko lanak"

Zein lan egiten duzu?

Arkupen egoten naiz lehenengo orduan; egunkari bila joaten naiz, liburutegian liburuak txukuntzen ditut eta alarma jartzen diet. Gero, 11:00etatik aurrera, udaletxera joaten naiz.

Ondo moldatu zara lan horietara?

Bai, bai. Udaletxeko lanak apur bat zailagoak dira, baina lagundu egiten didate. Pauso berriak-eko Isabel egoten da nirekin laguntzen eta oso ondo konpontzen gara.

Lan batzuk gustukoago dituzu, ezta?

Bai; liburutegian egiten ditudanak, adibidez. Kartelak jartzea herrian zehar ez zait hainbeste gustatzen, paseo- zalea ez naizelako ni eta asko ibili behar delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak